Euskaraldia

Zubietako bertso-eskolakoek abiarazi dituzte, Agate Deunaren bezpera honetako ospakizunak

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 4a, 18:35

 

Egunbete aurreratu dituzte Zubietan, Agate Deunaren bezpera honetako ospakizunak. Ostegun iluntzero biltzen diren bertso-eskolako kideek igandean zehar bertso eta kantu artean, baserri eta etxez etxeko bira osatu zuten Zubietan barrena. Zuasti etxe atarian egin zuten geldiuneko irudiak dituzue ondokoak.

 

Astelehen honetan izango dute jarraipena Agate Deuna bezperako ospakizunek.

 

Zubietako bertso-eskolakoei buruzko xehetasunak, joan den azaroa amaieran, Euskaraldi betean ginela argitaratu genituen NOAUA!n. Hemen duzue artikulu hura osorik:

 

 

 

Bertsozaleen bilgunea sortu da Zubietan

Askorentzako pintxo-poterako tartea diren ostegun iluntzeetan bertsotarako tartea hartzen dute Zubietan. Ez diote alferrik jarri izena, “20:00etan bertso eskola”. Ordu horretan haien eguneroko bizimoduarekin hautsi eta lagun artean biltzen dira astero duela pare bat urtetik, bertsoen eta afari eder baten bueltan. “Ez dakigu zer den bertsoa afariaren aitzakia, edo afaria bertsoarena. Baina batak bestea gabe ez du funtzionatzen”, adierazi dio NOAUA!ri Jon Andoni Arroyok.

 

10 bat lagun biltzen dira, zubietarrak, edota Lasarteko bertso eskolako kide batzuk baita. “Jaio berria da taldea, ilusioz betea”, adierazi du Urtzi Alberdik. Taldean parte hartzen hasi berria da Eneko Garmendia, “euskaran sakontzeko gogoz. Euskal kulturaren inguruan sormena sustatzeko ilusioarekin. Zure grin bera duen jendea dagoela ikusi eta grin hau partekatzea gustagarria da”.

 

Guk jakin gabe, Zubietako jai egitarauan izan genuen haien berri estreinakoz. Santioen baitan Sagardo Eguna eta Puntu Txapelketa antolatzen hasi zirenean. Zubietan zegoen bertsozaletasuna neurtzeko test modukoa izan zen ekimen hura, eta hortxe kokatzen dute gerora sortu zuten bertso eskola.

 

Talde gisa, puntu txapelketa eta Sagardo Eguna antolatzen segi dute. Aurreko otsailean ere Santa Ageda bezperan koplak abestera irteteko ohitura ere berreskuratu zuten. Hortxe batu zen trikitiarekin taldera Pello Aiestaran.

 

Doinu berriak barneratzen, erritmekin jolasean, puntuka, bat batekotasuna lantzen, trikitiaren laguntzaz bertso zaharrak abesten... dihardu taldeak. “Euskararen ikuspegitik oasi bat da, lasaigarria. Nahiko nuke Euskal Herri osoa gune hau bezalakoa izatea”, dio Enekok.

 

Euskaraldia, “halabeharrez, beharrezkoa”

Euskaraldiaren atarian elkarrizketatu ditugu. Zubietarrek babes zabala eman diote Euskaraldiari. Baita bertso eskolakoek ere. Ahobizi eta Belarriprest figuren inguruan sortu den eztabaida taldera heldu da. “Iniziatiba polita da eta parte hartzeko gogotsu” agertu zen Euskaraldiaren atarian Aiestaran. Ahobizi rola hautatu du berak. Belarriprest rola Urtzik eta Jon Andonik. “Ahobizi berezkoa behar dugu, berez egin behar dugu lehen hitza euskaraz. Horregatik Belarriprest izan behar dugu. Nigana datorrenari euskaraz hitz egiteko aukera eman. Ahobizi izanez gero agian ez litzateke nirekin euskaraz hasiko eta hala bai. Laguntzeko aukera ematen du”, irizten dio Alberdik. Euskaraldia, “halabeharrez, beharrezkoa” dela dio.

 

Txapa soinean eramatea lagungarri izango zaiola dio Alberdik, jendaurreko lana baitu, elektrikaria da. Jon Andoni bezala. Gasolindegi batean lan egiten du. “Lantokian euskara erabiltzeko joera dut. Euskaldun bezala ezagutzen ez nauenak, Belarriprest txapa ikusita edozein euskara maila entzuteko prest nagoela ohartuko da”, adierazi du Arroyok.

 

Espero ez duenak euskaraz egingo diola uste dute. “Beti egiten dut lehen hitza euskaraz. Saiatzeak merezi du, askotan sorpresa oso politak hartzen dituzu eta oso harro sentitzen zara pauso hori emateagatik”, dio Enekok. Eskaera argia luzatzen du. “Euskaraldia ez dadila 11 egunetan geratu”. Euskaldunak euskaldunekin erdaraz hitz egiteko dagoen joera badela nabarmenduta, gaineratzen duenez, “Euskaraldiak balioko badu horretaz jabetu eta kontzientziak esnatzeko, orduan ideia oso polita da”.

 

Ildo beretik, Urtzik ere hormak haustera gonbidatzen du. “Muga horiek hautsi eta goazen euskaraz hastera!”.

 

 

 

https://youtu.be/tyntXGHz_kc

 

https://youtu.be/s2pTEpL6-fk