Zubietako erraustegia

Erraustegiaren aurkako taldeen eragina murrizteko enpresa eraikitzaileek diseinaturiko komunikazio-plana plazaratu du GuraSOSek

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 11a, 14:11

 

 

"Eskandalu hutsa da", hitzokin laburbildu zuen Joseba Belaustegik GuraSOSek igandean (otsailak 10) Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean egin zuen ekitaldian plazaraturikoa. Dokumentu konfidentzial bat eman zuten argitara; erraustegiaren kontratua publiko egitearekin batera, orain arte ezkutuan egon den komunikazio-plan bat. Nork eta, Zubietako erraustegiaren enpresa eraikitzaileek (Urbaser eta Meridiam nagusiki, %45 eta %51ko parte hartzea dute hurrenez hurren) beraiek diseinaturiko plana, enpresek aukeraturiko "komunikazio talde" batek egina, helburu argi batekin; Zubietako erraustegiaren komunikazio estrategia zuzentzea. Antza, "1994tik, hondakinen gaikako bilketari buruzko lehen kanpaina egin zuenetik, herrialdeko hiri hondakinak kudeatzeko Gipuzkoan garatu diren proiektu eta azpiegitura ia guztien komunikazioan parte hartu du” GuraSOSen esanetan.

 

Lehenago aipatu izan den moduan, gurasoen elkarteak gogorarazten duenez, "Urbaser Madrilgo erkidegoan argitara emandako ustelkeria kasu handien (Lezo kasua adibidez) erdigunean dago. Meridiam enpresa Parisen egoitza izan eta aipaturikoa bezalako azpiegitura proiektuak mundu osoan finantzatzen diharduen multinazional handietako bat da".

 

Aurka daudenak identifikatzea

"Engainu, gezurrezko istorio bat da urte luzez planifikatu eta gaur argitara emango duguna", zioen Belaustegik. "Horrelako konspiraziorik ezin da egon, onartezina da", gaineratu zuen. Ezin du egon herritarren aurkako plan bat, GuraSOSen esanetan. Zeresana emango duela iragarri zuten. Igandean eman baitzituzten lehen xehetasunak, baina adi, "hurrengo asteotan gehiago jakingo da". Plazaraturikoaren aurrean argi ziotenez, "zerbait esan beharko dute gizarte eragileek, ordezkari politikoek, komunikabideek, osasun munduko langileek eta plan horretan aipatzen diren agente guztiek".

 

Haiei guztiei GuraSOSek dei egiten die, "gatazka honen konponbidearekin, egiarekin eta osasun zein ingurumen babesarekin bat egin dezaten". 

 

Aipatu eragile guztiei eragiten diete eta GuraSOSek ezagutzera emandako "Ingurumen Kultura eta Komunikazio Plana" izeneko dokumentu konfidentzialak. "Iritzi publikoaren kudeaketa egokiak" gatazkak gutxitu eta lanak erraztuko dituen irizpidea aintzakotzat hartuta, planak erraustegiaren aurka diren taldeen eragina ahal bezainbeste murriztea du helburu, tartean, "herritarren eta talde ekologistenak". Eta gainerakoak gai honetan pasibo bilakatzea, haien “orain arte axolagabeak eta aurkari pasiboak izan diren kolektiboen babesa handitzea”.

 

Eta identifikatzea. Adi, guztiok kontuan hartu beharreko asmoak agerian uzten ditu komunikazio plan honek. "Ezaugarri hauek dituen prozesu batean beharrezkoa da iritzi liderrak eta eragin handiko gutxiengoak identifikatzea. Bere posizioagatik iritzi publikoan eragiteko gaitasuna duten kolektiboak alegia. Beharrezkoa da haietako bakoitzaren eta haien jarreren profil bat izatea, haien babesa lortzeko, edo pasibotasun jarrera gutxienik”, dio GuraSOSek argitara emandako komunikazio planak.

 

Identifikatu beharrekoak nortzuk diren ere argitara ematen du GuraSOSek. “Komunikabideetako profesionalei, osasun nahiz akademia munduko aditu eta profesionalei, ekonomia nahiz politika munduko lider adierazgarriei, edo mugimendu sozialetako pertsona aktiboei buruz” ari dira.

 

Atzera bueltarik ez duen errealitatea eraikitzea

Aipatu planeko komunikazio helburuetan, "oposizio taldeek erabilitako argumentuei erantzungo dien diskurtsoa egituratzea" gehien nabarmentzen den alderdietako bat da GuraSOSen esanetan, gai hau politikoki erabiltzeari sinesgarritasuna kentzea ere plan honen erronketako bat da. 

 

Eta adi, proiektua bera gipuzkoarren gehiengoak babesturikoa, ezarritakoa eta atzera bueltarik gabekoa izatea, hau errealitate baten moduan ikus dezagun estrategia bat garatzea proposatzen du informazio plan baten laguntzaz. 

 

Planak estrategikotzat jotzen du komunikazioaren eremuan bideratu beharreko lanketa, aitortzen baitu erraustegia edo Foru Aldundiak deituriko Gipuzkoako Ingurumen Gunea "ezartzea konplexua dela, bai edukien baita horri lotuak dauden arriskuen polemika eta gizarte gatazkagatik”. 

 

Gipuzkoarron parte hartzea ere  jorratzen du komunikazio plan honek. Parte hartze eredu mugatua planteatzen du, “plantei lotutako informazio sarbidean; segurtasun planei iradokizunak egiteko aukeran”: funtzionamendu, emisio eta emaitzen gaineko kontrolean; ingurune sozialarekin solaskidearen papera hartzean" zentraturikoa. 

 

“Jarraipen eta Informaziorako Herri Kontseilua” izeneko organo bat sortzea ere aurreikusten du, nahiz horren berri gehiagorik izan ez den. Halere GuraSOSetik ohartarazi dutenez, "martxan jarri izan balitz, kontseilu honen bi premisetako bat “jada hartutako erabakien inguruko eztabaida berriz ez piztea” zen".

 

Erraustegiak gizartean eragiten duen errezeloez jabetuta, “ate irekien egunak, egokitutako irtenbideak proposatu eta herritarren kezkak lehen eskutik tratatzeko solasaldiak” antolatzea proposatzen du". Zeregin horietarako baliatzea proposatzen dute baita, erraustegiaren ondoan eraikiko duten ingurumen interpretaziorako gunea ere. Gunea, hondakinak erraustearekin kontrajarriak dauden energia berriztagarri, klima aldaketa, ekonomia zirkular edo ikerketa, garapen eta berrikuntza arloekin lotutako erakusketak antolatzeko baliatu nahi lukete eta bertako jardueren jendaurreko diskurtsoetan "konnotazio negatiboekin jositako hondakinak bezalako kontzeptuak baliabideetan bilakatuko lirateke". Alegia, "CO2 emisioak saihesteko energia berriztagarrien erabilearen garrantziak ordezkatuko luke". 

 

Komunikazio plana osorik hemen: komunikazio-plana

 

"Bukaeraren hasiera"

Plan hau eskuartean izanda, argi zioen GuraSOSek, ia nork izango duen konfiantza "Urbaser erraustegia ustiatzen hasitakoan autoritate osoz, kontrol publikorik gabe". Ildo beretik zioen, "plana konfidentziala baldin bada gu guztiok engainatzeko, nola izango dugu bermea, erraustegian gerta daitezkeen intzidentzien gaineko informazioa eskainiko digutela adibidez. Bermea, sinesgarritasuna eta konfiantza hausten bada, proiektuak bere oinarrietan huts egiten du eta proiektuaren eraginpean diren herritarrek ezin dute onartu".

 

GuraSOSek gogoraratzen duenez, "zenbat eta gehiago jakin, Zubietan martxan jarri nahi diguten mamua martxan ez jartzeko aukera gehiago dago. Benetan diogu. Horregatik garrantzitsua da jakitea. Zenbat eta gehiago jakin, indartsuagoak izango gara. Gehiago jakinda, ez dugu onartuko inolaz ere gure haurren osasuna arriskuan jartzea".

 

"Bukaeraren hasiera" ikusten hasi behar gara eta plazaraturikoarekin, datorren otsailaren 23ko manifestazioan, "Donostia jendez bete behar dugu".