Zubietako erraustegia

Erraustegiak urtean 24 orduz isuritako toxikoak soilik neurtuko lirateke, GuraSOSek plazaraturiko dokumentu berri baten arabera

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 18a, 16:18

 

 

Otsailaren 10ean Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean egindako ekitaldiaren baitan, Zubietako erraustegiaren bultzatzaileek ezkutuan zuten komunikazio-plan konfidentziala plazaratu zuen GuraSOSek. Astelehen honetan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duten agerraldian berriz, dokumentu berri bat eman du ezagutzera, Zubietako erraustegia eraikitzen ari diren enpresek eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) sinaturiko "Ingurumen Zaintza Plana". 

 

Dokumentuaren izenak dioen moduan, foru-agintariek isilpean mantendu nahi zuten ingurumena zaintzeko plana dugu. Bertan, "orain arte foru eta osasun agintariek argudiatutako argudio nagusiaren faltsukeria agerian utzi du. Hots, ez da egia erraustegiak botako dituen sustantzia toxikoenak (dioxinak, furanoak eta metal astunak) modu iraunkorrean neurtuko direnik".

 

Ezta gutxiagorik ere. Enpresa eraitzaileek eta GHK-k adosturikoaren arabera, erraustegia martxan jarri eta lehen urtean aipatu plantak isuritako toxikoak 36 ordutan baino ez lituzkete neurtuko. Bigarrenetik aurrera, urte bakoitzean 24 orduz guztira. Urte osoan egun batek duen adinako iraupena da hori. Guztira, asko jota, urteko denbora osoaren %0,3 inguruan baino ez lirateke neurtuko erraustegiak isuritako toxikoak. 

 

Horrek esan nahi argia du, GuraSOSen esanetan. "Herritarrak "lasaitu" ahal izateko orain arte erabilitako beste argudioa ere erortzen da. Etengabe neurtzen ez bada, ezinezkoa da jarduera automatikoki geldiaraztea, mugaz gaindiko emisioak eman orduko".

 

Ezkutuan mantendu nahi zen informazioa

Eskuratu duen informazioarekin, GuraSOSek ongi planifikatutako gezurtzat jotzen du hau guztia, "ager ez zedin. Alde batetik konfidentziala dela ziurtatuz, eta, bestetik aurkitzen zaila den modu batean izatuz: letra oso txikian eta dokumentu erantsi batean dago datu hau. Eta azkenik zer sustantzia neurtuko ziren modu jarraian eta zeintzuk ez zehazteko garaian sustantzien izenak ezkutatuz. Dokumentuaren beste atal batzuetan "dioxinak eta furanoak" aipatzen dira, esate baterako, legeek baino emisio-maila txikiagoak eskaintzen direnean, noiz neurtuko diren zehazten den atalean PCDD (poliklorodibenzodioxinak) eta PCDF (poliklorodibenzofuroak) siglak erabiltzen dira. Gauza bera gertatzen da oso toxikoak diren metal astunekin (beruna, artsenikoa, etab.)!".

 

Dokumentu honek agerian uzten duen errealitatearen larritasuna nabarmendu dute. "GuraSOS-en ustez, osasun publikoko arduradurak informazio faltsua zabaltzen aritzeko estrategian parte hartzen ikusteak, osasun bermeetan izugarri larriki eragiten duen kontua da". 

 

Gogora ekarri ditu, zenbatetan agertu diren hedabideen aurrera Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatua, "besteak beste, esanez neurketak jarraiak izango direla eta arazorik izanez gero berehala detektatu eta geratuko lizatekeela". Gogora ekarri dituzte baita, 2016ko ekainaren 23an, Biodonostiako ordezkari Juan Jose Aurrekoetxeak eta Jesus Ibarluzeak egindako adierazpenak. Beraiek ziotenez, "dioxinen neurketak modu jarraian egingo zirela eta horrek baimenduko zuela arriskua balego, erraustegia berehala geratzea".

 

Ezkutuko Komunikazio Plana

Bestelakorik dio ordea bistan denez, GuraSOSek gaur plazaraturiko dokumentuak. "Iruzur hau, GuraSOSek joan zen astean argitara eman zuen erraustegiko proiektuaren komunikazio plan konfidentzialean jasotzen denarekin bat dator. Erraustegiaren proiektua "saltzeko” helburuz, ingurumen arriskuak kontrolatzeko mekanismoak eta bermeak gizarteratzeko estrategia baten baitan". 

 

Ez da horrelako komunikazio plan bat diseinatzen den aldia. Iazko Argentinako kasua azaldu du GuraSOSek gaurko agerraldian. "Mugimendu politiko eta sozialetako eta zenbait gobernuz kanpoko ordezkari batzuek, hiriko Gobernuaren plan sekretua erakutsi zuten, zaborrak errausteko proiektu ofizialari “kritikak isil arazteko" eta iritzi publikoa manipulatzeko". 

 

Gipuzkoan bezala, GuraSOSetik gogorarazi dutenez. "Gipuzkoako plan sekretuarekin bat egiten duten kointzidentziak kezkagarriak dira; izan ere, Argentinako plan hartan, profilak eta posizioak aztertzea aipatzen da". 

 

Gipuzkoako kasuan, norbaitek profil profesionalak ikertzeko zein bide erabili dituzten argitu beharko lukeela dio GuraSOSek. Tartean kazetarienak, kazetariak aipatzen baititu GuraSOSek argitara emandako ezkutuko komunikazio planak. 

 

Plan honen arabera, kazetarien "kolaborazioa edo gutxienik pasibotasun posizioa biltzeko" ahalegina.  "Dokumentu horien alderdirik polemikoenetako bat, "pertsonaia eskaneagarrien" zerrenda bat (izen eta abizenekin), non kazetariak eta gobernuz kanpoko hainbat erakundeetako ordezkariak dauden. Bertan, pertsona edo erakundeen iritziak agertzen dira, horietan eragiteko dauden aukerak, eta zenbait kasutan, publizitate ofiziala eskainiz hertsapenaren aukera ere".

 

Ordezkari politiko eta ekonomikoak, mundu akademikoko edota osasuaren eremukoak eta hedabideak, kazetariak aipatzen dira. "Ikertu beharra dago profesionalen ustezko bizitza pribatuan sartze honen azterketa zer nolako baliabideekin egin den. Profesionalak haien deontologia eta duintasunaren kontrako eraso eskandalagarri honen aurrean errebelatzera deitzen dituzte. Kazetarien elkargoarekin hartuemanetan jarri da GuraSOS, komunikazio plan hau berehala salatu eta gure lanbide honi prestigioa ematera deiu du, iritzi publikoaren aurrean eta informazio askatasunaren eta demokrazia osasuntsu baten aldeko defentsan. 

 

GuraSOSek EGUNOTAN PLAZARATURIKO DOKUMENTUAK

 

Ingurumen Zaintza Plana

 

Kontratua CMG1 azpimarratua

 

Komunikazio plana