Zubietako erraustegia

"Eskandalagarria da ingurumen zaintza plan bat konfidentzial gisa deklaratzea"

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 18a, 15:08

 

GuraSOSek astelehen honetan ezagutzera emandako Zubietako erraustegiari lotutako "Ingurumen Zaintza Plana"-ri buruz aritu da, agerraldian parte hartu duen Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) kide Jose Cruz Ruiz Villandiego medikua. "Eskandalagarria da ingurumen zaintza plana konfidentzial gisa deklaratzea", zioen, dokumentuak publikoa behar lukeela esatearekin batera.

 

GuraSOSek Lasarten aurkeztu zuen erraustegiaren kontratuari lotutako proiektu honen sustatzaileen komunikazio plan konfidentzialak agerian utzitakoa ere oso kezkagarritzat jo du. Delitu izatera heldu daitekeela esan du, planak dioen moduan, iritzi liderrak, eremu ezberdinetako profesionalak identifikatzen saiatzea, haien profilak eskuratzen ahalegintzea edo planak dioena aipatuz, gutxienik haien "pasibotasun jarrera" lortzea. "Ezkutuko asmoekin, zeintzuk garen kontrolatzea, moduren batean presionatzeko edo pasibotasun jarrera izatera derrigortzeko", OEIT-ren kidearen esanetan.

 

Ruiz Villandiego medikuaren hitzetan, "kontrol egoera betean gaude, sinestezina da. Egoera hau deskribatzeko ez dago hitzik". Arriskutsutzat jotzen du ezkutuko komunikazio plan horrek planteatzen duena, "zorroztasun eta errespetu falta pertsonei. Ez dakidana da nola ez diren agintari eta pertsona gehiago altxatzen" honen guztiaren aurrean.

 

"Akuriak izango dira"

Hau guztiari erantsi dio, erraustegia eraikitzen ari diren Zubietatik gertu bizi diren udalerrietako herritarrei osasun azterketak egiteko planteamendua. "Akuriak izango dira", ohartarazi du OEIT-ko kideak eta "eskandalagarria da herritarrak hala erabiltzea". Azterketa hauek, gerora erraustegi edo filtro berriak eraikitzeko baliatuko da nazioartean, Ruiz Villandiegoren esanetan.

 

Gogorarazi duenez ordea, erraustegia "arrisku orokorra da herritar guztientzat". Zehaztu duenez, "erraustegia labe eta laborategi kimiko handia da. Bertan milaka produktu erreko dira eta beste milaka produktu sortuko ditu erraustegiak". Nabarmentzen zuenez, "Ameriketako Ingurumen Agentziaren arabera, errausteak sortuko dituen hondakin kimikoak, ezezagunak dira neurri handi batean".

 

Honenbestez, Zubietako erraustegia martxan jartzen bada, etorkizunean egun hainbat gaixotasun eragin ditzaketen esposizio berrien aurrean egongo gara. Hori gutxi ez eta, erraustegiko tximiniatik isuriko dena "haizea edo prezipitazioen bidez sakabanatuko da".

 

"Espero dezagun erraustegia martxan jarri ez eta beste alternatiba batzuk bilatzea"

Bereziki osasun ikuspegitik, hau guztia "izugarri eta eskandalagarria" dela deritzo. Errealitate bat ezkutatzen ari direla, eta "haiek saltzen digunetik haratago doana" aldiz entzuterik ez dutela nahi dio. Horren erakusgarri, OEIT-k azken urteotan erraustegien eta gaixotasunen artean dauden ebidentziak agerian utzi dituzten aipatu taldeak kaleraturiko, munduko aditu prestigiotsuen hainbat datu. Hainbatetan jarri nahi izan dituzte datuok Foru Aldundiaren esku, baina Gipuzkoako agintariek haiekin biltzeari uko egin diete. Hasiera batean prentsaurreko eta hitzaldien bidez, egun sare sozialak baliatzen ditu OEIT-k, mundu mailan bildutako datu kezkagarriok plazaratzen segitzeko.

 

"Espero dezagun erraustegia martxan ez jartzea eta beste alternatiba batzuk bilatzea", zioen Ruiz Villandiegok.