Zubietako erraustegia

GuraSOSen larunbateko Donostiako manifestazioan, egia, gardentasuna, konpromisoa eta adostasuna adierazteko deia

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 18a, 16:41

 

 

Astelehen honetan Zubietako erraustegiari lotuta agerian utzi du "Ingurumen Zaintza Plana", enpresa eraikitzaileek eta GHK-k sinaturiko ezkutuko dokumentua GuraSOSek. Dokumentu honen eta egunotan kaleratu duen beste komunikazio plan konfidentzialaren ostean, larunbatean Donostian deitu duen manifestaziora gonbidatu dituzte herritarrak. "Herritarrok beste jarrera azaldu behar dugu, egia, gardentasuna, konpromisoa eta adostasuna. Animatu guztiei larunbatean 17:00etan Antiguako tuneletik hau guztia aldarrikatzera".

 

Jendartea pasibo bilakatu eta iritzi publikoa aldatzeko erraustegiaren bultzatzaileek baliatutako komunikazio estrategia salatu dute, "edozein baliabide erabiltzeko prest egon dira eta hori salatzekoa da". Erraustegiaren sustatzaileek plazaratu dituzten gezurren aurrean, "egia, informazio gardena eta konpromisoa jarri nahi dugu". Herritarrak larunbat honetan Donostiako manifestazioan balore hauen alde lerrokatzera deitu dituzte, pasibotasuna eta gezurrak alboratuta.

 

Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanori zuzendu zaio GuraSOSeko lehendakari Joxe Mari Izeta. Galdetu nahi izan dio, "ea pentsatzen duen, baldintzak ematen diren proiektu honekin (erraustegiarekin) aurrera egiteko. Ez al den bideragarriagoa, gardentasunez edo alternatiba guztiak mahai gainean jarriz, elkarrekin adostasun batera iritsi eta gaia behar den bezala informazio garbiarekin eta guztion artean konpontzea".

 

"ESAN ADOSTASUNARI BAIETZ!" MANIFESTAZIOA

Eguna: otsailak 23, larunbata.

Ordua: 17:00.

Tokia: Antiguako tunela.

Aldarria: "Esan baietz adostasunari!". 

Deitzailea: GuraSOS.

 

Atxikimendu bilketa

Gogoan izan, abian duela GuraSOSek, larunbateko mobilizazio handiari babesa emateko atxikimendu bilketa kanpaina. Adostasunaren keinua eginez, lantokietan, lagun artean, familian... argazkiak atera eta GuraSOSi (gurasos.org web orrialdera) helarazteko deia egina dute. Aipatu web orrialdean sartzen bazarete, oso modu erraz eta praktikoan igo ditzakezue argazkiak. Argazkia ze herritatik bidaltzen duzuen eta zer argazki mota den zehaztu eta  argazkia erantsi, hortxe egin beharrekoa. Dagoeneko argazki mordoa ari da biltzen guraso taldea, web orrialdean bertan dituzue ikusgai. 

 

Babes kutxak erosteko deialdia

Urriaren 7an, etorkizuna kolore biziz margotu eta idaztera gonbidatu zituen GuraSOSek haur eta gaztetxoak Usurbilgo frontoian. Igande goiz hartako ekimeneko marrazki eta hitzekin apaindutako babes-kutxak salgai ditu GuraSOSek 10 eurotan. Usurbilen saltokiotan eskura ditzakezue: Lizardi, Laurok, Otargoxo, Kaffa, Txalaka, Iturralde botika, Alkartasuna, Iratze naturtenda, Ines ileapaindegia, Intza ileapaindegia, Ixabel Estetika Zentroa, Lurda.  Ekimen honetatik jasotako dirua, auzolanean bideraturiko egitasmoek eragindako gastuei aurre egitera bideratuko da; tartean, Hitzartu prozesuari. 

 

Informazio gehiago: gurasos.org