Bozketa unean, 47 batzarkideetatik 26 batzarkideek babestu dute plana, 21 agertu dira aurka. Segidan, talde politiko bakoitzak adierazpenen txandan esandakoak batu ditugu.
EHBildu: "Errausketan eta inposizioan oinarrituriko foru arau honen aurka bozkatu dugu"
Foru Aldundiaren hondakinen kudeaketa plan honen aurka bozkatu du EHBilduk. Baina ez bakarrik, "gipuzkoarren gehiengoaren iritzia eta nahiarekin" bat eginda baizik; Ahal Dugu Podemosekin, Gipuzkoako gehiengo sindikalarekin, mugimendu ekologistarekin, medikuekin eta "otsailaren 23an enegarrenez agintaldi honetan milaka pertsona kalera atera zituen mugimendu sozial eta transbertsalarekin".
Iban Asenjo EHBilduko bozeramaileak zioenez, errausketan eta inposizioan oiinarrituriko foru araua "presaka eta korrika ekarri eta onartu duzue eta hau hilda jaio da. Foru arau honek ez du inongo etorkizunik".
Kudeaketa plan honek hondakinekin dugun gatazka konpondu ordez, areagotu egiten du Asenjoren esanetan, "jada irekia dagoen gizarte haustura are gehiago zabalduz".
EHBilduk gogorarazi du, osoko zuzenketa aurkeztu ziotela foru arau honi, Europako zuzentaraua eta ekonomia zirkularra urratu eta "ingurumenaren aurka doalako". Ez hori bakarrik. "Foru arau honek herritarrok aire garbia arnasteko dugun eskubidea ukatzen digulako, gizakion, animalien eta izaki ororen osasunaren aurka doalako", Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT) oroitarazi izan duen moduan.
Hondakinen kudeaketarekin dugun gatazka adostasunez konpondu ordez, "EAJ eta PSEren gobernuak inposizioa nahiago izan du. Herritarrei hitza eman ordez eztabaida ukatu zaie eta osasuna eta akordioa landu ordez, gobernu itsu honek irabazle eta galtzaileen arteko eskemetan murgiltzea lehenetsi du".
Podemos Ahal Dugu: "Bideragarria ez den plan honek hurrengo legealdiak zigortuko ditu"
Parte hartze, legitimotasun eta gizartearen onarpen faltagatik bozkatu du planaren aurka Ahal Dugu Podemosek. Bideragarria ez den plan honek "hurrengo legealdiak zigortuko ditu". Jone Cisneros bozeramaileak EAJ eta PSE alderdien foru gobernuari gogorarazi dio, jendea oporretan zela egin zuten prozesua, ez zela parte hartzailea izan, herritar eta herri mugimendurik gabe egin baita, "ez dira kontuan hartu". Herritarrak kontuan izan gabe eta "modu ilunean hartu ditu erabaki asko GHK-k". "Parte hartzailea izatea nahi baduzue, tranparik gabe, kontsulta antolatu planari eta erraustegiari buruz", adierazi du Cisnerosek.
Onarturiko planak bekatu originala duela nabarmendu du; Zubietako erraustegia. Tximiniarik gabeko eta kolore berdeko eraikin bat erakusteko Foru Aldundiak egunkarietako orrialdeak erostea alferrikakoa da Cisnerosen esanetan, "denok ezagutzen baitugu errealitatea. Gizartea oso kezkatua dago", egitasmo honek eragingo duen kutsaduragatik, arnastuko dugun aireagatik, bere osasun eta ekonomiagatik.
Horregatik, zioenez, parte hartzerik sustatu ez eta legitimotasunik ez duen plan honen aurka antolatu da gizartea aipatu batzarkidearen esanetan. GuraSOSek otsailaren 23an antolaturiko manifestazioa ekarri du gogora. "Milaka pertsonek modu baketsuan akordioa eskatu zuten". Horren harira foru gobernuari gogorarazi dionez, "kaleko ahotsak ez entzuteak bere ondorioak ditu".
Oraindik garaiz gaudela gogorarazi du Cisnerosek. "Akordioetara heltzea posible da. Gizartea hori ari da eskatzen eta hori da guztiok merezi duguna".
Podemos Ahal Duguren esanetan, "beti dago denbora atzerapausoa eman eta erabakiak birpentsatzeko. Akordio bat erdiestea nahi genuke".
EAJ: "Benetan albiste ona da Gipuzkoarentzat"
"Benetan albiste ona da Gipuzkoa osoarentzat eta benetan pozten gaitu" Maria Eugenia Arrizabalaga, EAJ-ren bozeramailearen esanetan, 2030. urtera arteko hondakinen kudeaketa plana onartu izana gaur. "Legealdiari amaiera emateko modu egokia iruditzen zaigu benetan".
Plan berriaren xehetasunak goraipatu ditu; "helburua, Gipuzkoak ekonomia zirkularreko, prebentzioko eta klima aldaketaren aurkako borroka sustatzeko poitika aktiboak bultzatzea, arlo horretan Europak ezarritako helburuak txertatuz".
2030erako Europako %70eko birziklatze tasa bost puntutan gaindituko omen du Gipuzkoak, zabortegiak saihestuko dira. Plan honek Europako herrialde garatuenen parean jarriko omen du Gipuzkoa, Zubieta gainean eraikitzen ari diren azpiegiturak eraiki eta laster martxan jarrita. "Hainbeste urteetako eztabaida antzuari amaiera emango dio, 45.000 etxeetarako argindarra bihurtuz", adierazi du Arrizabalagak.
Zubietako erraustegia martxan egongo den eguna "egun handia izango da" gaineratu du.
Aurreko legealdiko kudeaketa kritikatu du. Bere esanetan "arazo ikaragarriak ziren hondakinak gipuzkoarrentzat duela lau urte". 2015ean aurrez eginiko "lan guztia hankaz gora botata aurkitu genuen eta horren ondorio nabarmena Gipuzkoa inolako azpiegiturarik gabe uztea izan zen". Eta gaineratu duenez, hondakinak beste leku batzuetara garraiatu beharra izatea, "dirutza publikoak baporatu" izanarekin batera. Testuinguru honetan, lau urteotan behin behineko neurriak hartzen lan handia egin dela aipatu du.
Plan hau onartuta, gai honen ingurko eztabaidari amaiera emango zaiolakoan esan du, "20 urteetan bizi izan dugun liskar egoera paranoiko honetatik ere zerbait ikasi beharko lukete batzuk. Fanatismoa eta itxurakeria alde batera utzi eta herriaren alde elkarlanean jarduten". Suedia edota Austria adibidetzat jarrita amaitu du esanez, "herritar bakoitzak badugu ardura, ingurumenarekiko benetako errespetuz nola jokatu behar dugun ikasteko".
PSE: "Gipuzkoarrei emandako hitza bete du foru gobernuak"
"Gobernu hau ez da bere asmoak ezkutatzen aritu. Hitza eman eta bete du", PSE-ko bozeramaile Susana Garcia Chuecak adierazi duenez. Hondakinen kudeaketa planaren alde bozkatu dute, "Gipuzkoarrei emandako hitza bete duelako eta 7/2008 abenduaren 23ko foru araua betetzeagatik".
Foru arau hura Gipuzkoako Batzar Nagusietan gehiengo osoz onartua izan dela gogorarazi du. Bere esanetan, parte hartzea bermatu da, eta 2030era arteko plan berriak "indarrean den araudi guztia betetzen du", etorkizunera begira jartzeaz gain.
Klima aldaketaren aurka borrokatzeko aukera emango du Chuecaren esanetan, planaren jasangarritasun eta bideragarritasuna defendatzearekin batera. Zubietako azpiegiturei esker, "enplegu berdea sortzeko aukera" egongo dela esan du.
Egotzi zaien kudeaketa ilunaren aurrean esan du, "gobernu hau ez da bere asmoak ezkutatzen aritu". Aldiz, aurreko legealdiko kudeatzaileei araudia saihestu izana egotzi die. Botere desbideratze argia egon zela.
PP: "Zabortegien kultura desagertzen da"
EAJ eta PSE-ren foru gobernuarekin bat egin eta 2019-30 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Planaren alde bozkatu du PP-k. Gaur onarturiko hondakinen kudeaketa planak aurrekoari "jarraipena eman eta modernizatzen du" Juan Carlos Cano bozeramailearen esanetan. "Zabortegiaren kultura desagertzen da" eta horrekin batera, legealdi honetan Gipuzkoak izan ez duen autonomia izango du aurrerantzean, hondakinen kudeaketaren gaiari dagokionean. "Autonomia hau kudeaketa publiko integrala izatea nahiko nuke, ez da posible izan", Canoren esanetan, aurreko legealdiko kudeaketagatik.
Bere ustez, Gipuzkoak 2030erako finkatua duen %70eko birziklatze tasara lehenago helduko da. Gaur Batzar Nagusiek gehiengo osoz onartu duten planak Europako hondakinen hierarkia errespetatzen du eta plan hau "legealdi hasieran izan ez eta aspaldi martxan jarriak behar zuten azpiegiturekin osatuko da".
Bere ustez "konfrontazio politiko interesatua" desagertzeko unea heldu da, erraustegia bai edo ez eztabaida atzean uztekoa, baina "gutxienez hurrengo hauteskundeak igaro arte hala gertatuko den itxaropenik ez dut". Hurrengo legealdirako hau guztia gainditzea espero du. "Akordio gehiago izatea".