Gipuzkoako Ahal Dugu Podemosek galdera moduan planteatu dio gaia foru gobernuari, zehazkiago esanda, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamenduko foru diputatu Jose Ignacio Asensiori. Galdetu dio ia zer iritzi duen ingurumen diputatuak, Foru Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak joan den otsaileko agerraldi batean GuraSOSi buruz esandakoen inguruan, baita GuraSOSek azken asteotan argitara eman dituen Zubietako erraustegiaren inguruko dokumentu konfidentzialen inguruan ere.
Cisnerosek gogorarazi dio, Aldundiko bozeramaileak GuraSOSek gezurrak esatea eta "hau ez dugu onartuko" bezalako hitzak baliatu zituela. "Hau ez da gobernu eredu irekia" esan dio Cisnerosek Asensiori.
GuraSOSen aurkako hitz gogorrak
"Esaten diren hainbeste faltsukeria ez ditut kalifikatuko, hori zure esku utziko dut", erantzun dio Asensiok.
Dokumentu konfidentzialei buruz Asensiok erantzun du, "konfidentziala eskaintzaren unean izan zela, ez gero. Geroztik publikoa da. GuraSOSek horregatik izan du dokumentuotarako sarbidea". GuraSOSen sorrera eta izan duen ibilbidea epaitu ditu ingurumeneko foru diputatuak. GuraSOS asmo argi batekin jaio zela adierazi du. Guraso taldearen estatutuak aipatuz, Zubietako erraustegia ez egitea, "hori da asmoa, ez besterik".
Urteotan GuraSOSek aurkeztutako ekimen juridiko guztiak galdu egin dituztela adierazi du. Eta martxan jarri izan dituen dinamikak, "hondakinen kudeaketaren konponbidea zailtzera" bideratuak zeudela, "haurrak erabiliz". GuraSOSek baliatu izan dituen hainbat adierazpen gezurtzat jo ditu gainera Asensiok; Zubietako instalakuntza arriskutsuak izatea, erabakiak legedia eta herritarrak alboratuta hartu direla, Zubietako erraustegira Europatik zaborra ekarri beharko dela...
"Zer demokrazia izan dezakegu herriaren ahotsa entzuten ez bada?"
Adierazpenon aurrean Ahal Dugu Podemosek berriz hitza hartzeko aukera izan du segidan. "Zure erantzunarekin ados zaudela ulertzen dugu, GuraSOSen adierazpenak gezurtzat eta instalakuntzak arriskutsutzat jotzen dituzula alegia".
Asensiori gogorarazi dio, erraustegiaren aldekoek ere onartu dutela, erraustegia kutsatzen duen azpiegitura dela eta "kutsadurak osasun arazoak eragiten ditu", zioen Ahal Duguren bozeramaileak.. "Honaino denok ados gaudela uste dut".
GuraSOSi buruz Asensiok esandakoen aurrean, mugimendu sozialek iritziak eman eta iritzi zein kexak komunikatu eta adierazteko eskubidea defendatu du. "Zer demokrazia izan dezakegu herriaren ahotsa entzuten ez bada?", galdetu dio. Imanol Lasak otsailean eginiko adierazpenak zuzentzeko eskatu du Ahal Dugu Podemosek.
Foru Aldundiak GuraSOSi buruz esandakoak defendatu ditu Asensiok bigarrenez hitza hartzeko aukera izan duenean. "Administrazio publikoaren erantzukizuna da informazio faltsuak zabaltzen direnean, salatzea, batez ere haurrak eta osasuna nahasten direnean". Aurrera begira ere, faltsutzat jotzen dena hala dela adierazten segiko dutela gaineratu du. Ahal Duguko bozeramaileari esan dio, ez direla gezurrik esaten ari, ez direla informazioa ezkutatzen ari. "Errespetu pixka bat eskatuko nizuke, baieztapenak dokumentatzea, epaiak errespetatzea, zuk hemen egin ez duzun moduan".