Zubietako erraustegia

Erraustegiak osasun arazoekin lotzen dituzten datu gehiago argitaratu ditu OEIT-k

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 14a, 11:03

Erraustegiek gure osasunean duten eraginaz datu gehiago argitaratzen segitzen du asteroko konpromisoari eutsiz, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT). Italiako azterlan bateko datuak zabaldu dituzte egunotan, sare sozialen bidez.

Italiako 2014ko Golino MN "Morbidity in a population living close to urban waste incinerator plants in Lazio Region (Central Italy): a retrospective cohort study using a before-after design" izeneko azterlaneko datuak hain zuzen. "Ikerketa honetan ikusi zen PM10 mikropartikulen kontzentrazio altuagoetara esposizioa eduki zuen populazioan biriketako gaixotasun kroniko buxatzailearengatiko ospitaleratze arriskua %86 handitzen dela eta arazo kardiobaskularrengatik zirenak berriz %8 handitu zirela".

Ingalaterrako "Spatial analysis of health effects of large industrial incinerators in England, 1998-2008: a study using matched case-control areas" azterlanaren arabera, "erraustegiaren inguruko 10 kilometroko erradio batean leuzemien gehikuntza bat atzematen da".

Italiako 2010eko "Cancer incidence in people with residential exposure to a municipal waste incinerator: an ecological study in Modena (Italy), 1991-2005 azterlanean, "erraustegiaren inguruko 3,5 kilometroko erradio batean leuzemien %28-35eko gehikuntza aurkitzen dute".

"Minbiziak eragindako hilkortasuna %9 igotzen da"
2012ko Espainiako beste ikerlan bat; "Cancer mortality in towns in the vicinity of incinerators and installations for the recovery or disposal of hazardous waste" izenekoa. Kasu honetan, "kutsadura-iturri ezberdinek minbiziak eragindako hilkortasunean duten eragina aztertzen da, iturri bakoitzari dagozkion datu espezifikoak agertzeko beharrezko doikuntzak egin ondoren. Hondakinen errausketari dagokionez minbiziak eragindako hilkortasuna %9 igotzen da, emakumeengan urdaileko minbiziak eragindakoa %38 eta behazun-xixkuarenak eragindakoa %43 igotzen dira hurrenez-hurren eta gizonezkoetan pleurak eragindakoa %98 igotzen da".

Frantziako beste bi ikerketetako datuak plazaratu ditu OEIT-k asteotan. Batetik, Frantziako "Increased risk of non-Hodgkin lymphoma and serum organochlorine concentrations among neighbors of a municipal solid waste incinerator" azterlanetik jasotakoak. "Ikerketa honetan erraustegietatik gertu bizi diren pertsonen odol-analisietan dioxina-maila altuak aurkitzen dituzte eta linfoma ez-Hodgkin minbiziarekin asoziazioa ere bai".

Frantzian 1990-99 urte artean eginiko beste ikerlan bat ere aztertu du OEIT-k, “lau departamendu frantsesetan 1972-1990 urte bitartean eraikitako erraustegietako emisioen esposizioan egondako” populazioari buruzkoa. Bertan, “asoziazioa baieztatzen da minbizi guztiak hartuta %6ko gehikuntzarekin, baita ere emakumeetan bularreko minbiziaren %9ko gehikuntzarekin, linfoma ez-Hodgkin-en %12ko gehikuntzarekin bi sexuetan eta gizonetan mielomen %23ko gehikuntzarekin”.