Aldundiak aurreikusitakoa betez gero, Zubietako erraustegia hondakinak jasotzen hastear da

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 16a, 11:04

Zubietako erraustegiaren eraikitze lanek ez dute etenik. Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenak betez gero, erraustegia laster hasi daiteke hondakinak biltzen.

Etenik gabe ari dira Zubieta gainean, dagoeneko leku askotatik begi bistakoa dugun erraustegia eraikitzen. Lanak azken txanpan dituzte jada, ondoko irudian ikus dezakezuenez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak finkatua duen egutegia kontuan izanda, aurtengo urrian instalakuntza osoa martxan izatea aurreikusten du. Errauste plantaren exekuzio maila %75ekoa da. Lanak noski, lehenago amaitu nahi dituzte, ekainerako. Ekainetik urrira erraustegia probetan izan nahi dute.

Edozein kasutan, gunea lehenago hasiko da hondakinak jasotzen. Foru Aldundiak dituen aurreikuspenen arabera, apirilean Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) planta martxan izango da.

Paraleloki garatzen ari diren lanen bi faseen baitan azpiegiturok eraikitzen ari dira hiru lursail ezberdinetan: 31.988 metro karratuko lur eremuan, biometanizazio eta zepentzako plantak; bestean, erraustegia eta tratamendu mekaniko-biologikorako plantak; eta hirugarrenean “Naturklima”.