Zubietako erraustegia

Errausketaren Aurkako Mugimenduko Usurbilgo kideek, Lasarteko larunbateko manifestaziora joateko deia egin dute

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 8a, 13:59

Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataformak larunbaterako Lasarten bertan deitu duen manifestazioarekin bat egin dute Errausketaren Aurkako Mugimenduko Usurbilgo kideek. Manifestazio honetan, eta hilaren 17ko Birziklatzearen Nazioarteko Egunez, Donostian deitua dagoen elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte herritatarrak.

Errausketaren aurkako eta birziklatze eraginkorra sustatzeko bi hitzordu deitu dira asteotarako. Batetik, Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataformak manifestazioa deitu du larunbaterako (maiatzak 11) Lasarten bertan. 18:00etan Okendotik abiatuko da,  “Bilketa eraginkorra bai, errausketarik ez!” aldarripean. 

Errausketaren Aurkako Mugimenduko Usurbilgo kideek bat egin dute mobilizazioarekin, herritarrak aipatu manifestazioan parte hartzera deitzearekin batera. Bai hilaren 11ko Lasarteko manifestazioan, baita Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Donostia Bizirik plataformak maiatzaren 17ko Birziklatzearen Nazioarteko Egunean 19:00etan Donostiako udaletxe inguruan (lekua egunotan zehaztuko dute) deitu duten elkarretaratzean ere. 

Hiriburuko Udalari 2020rako egungo %40ko gaikako bilketatik %65era igoarazteko berehalako neurriak hartzea exijituko zaio mobilizazio honen bidez, eta hortik aurrera ehuneko hori hobetzen joatea “gaixotuko gaituen erraustegiari jaten ez emateko helburua jarrita” eta Gipuzkoan 70 udalerrik hartutako neurri eraginkorrak eredu gisa hartuta. Bost kilometrora erraustegia eraikitzen ari diren artean, Donostia Gipuzkoan pertsonako zabor kopururik handiena sortu eta gutxien birziklatzen duen herrian bilakatu dela gogoraratzen dute. "Ez dugu Gipuzkoako erreferente negatiboa izan nahi", diote, adierazita. Udalak bilketa sistema zergatik ez duen eraginkortzen galdetu dute. "Ez al da izango Donostiak urtero sortzen dituen ia 55.000 tona hondakin nahasiak nahi dituztela Zubietan eraikitzen ari diren erraustegia etengabe elikatzeko?".

Donostiarrak, "erraustegiari ematen ematen diotenak mugitu edo ez" ohiturak aldatzera, organikoa bereizten hastera deitzen dituzte, "bestela guk arnastuko dugu guk botatzen dugun zaborra". 

Zubietan aldaketa
Gogoan izan, egoera honek Zubietako Donostia aldeari ere eragin dio orain arte. Berriki ordea, Donostiako eta Usurbilgo Udalek Zubietako zerbitzu eta lanak eraginkortzeko lau urterako adostu eta sinaturiko hitzarmenari esker, Zubieta osoko hondakinen kudeaketaren ardura Usurbilgo Udalaren esku geratu da.

Ondorio argi bat izango du honek; Donostia aldeko zubietarrei orain arte zituzten edukiontziak kenduko zaizkie, Garbitxiki berri bat eraikiko zaie, hondakinak atez ate biltzeko aukera eskaintzearekin batera. Zubietako Usurbil aldean atez ateko bilketa sistema indarrean da 2015eko uztailaz geroztik.

MANIFESTAZIOA LASARTEN
Eguna: maiatzak 11, larunbata.
Ordua: 18:00.
Tokia: Lasarte-Oriako Okendo plazatik.
Zehaztasunak: manifestazioa Lasarteko kaleetan barrena, “Bilketa eraginkorra bai, errausketarik ez!” aldarripean.
Antolatzailea: Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataforma.