Hilabete hasierako prentsaurrekoko deitzaileen esanetan, egingarria izan eta bete beharrekoa den helburu hau Donostiako Udalaren eta donostiarren esku dagoela gogorarazten dute. "Ez dugu Gipuzkoako erreferente negatiboa izan nahi", zioten. Gogorarazi zutenez, gaikako bilketa %40an dute hiriburuan, urteko eta pertsonako 288 kilo erreus sortzen dute. "Ofizialki Donostia bihurtu da Gipuzkoan pertsonako zabor kopururik handiena sortu eta gutxien birziklatzen duen herrian". Gipuzkoako biztanleriaren laurdena Donostian bizita, oso txartzat jotzen dituzten datuok Gipuzkoako emaitza orokorrak nabarmen okertzen dituztela gogorarazi zuten. "Erabat estankatuta gaude", nabarmendu zuten, azken lau urteotan praktikan ez dela aurrerapausorik eman. "Gutxiengo batek hondakinak bereizi eta organikoa birziklatzen du baina gehiengoak ez du ohiturarik aldatzen", ohartarazi zuten.
Are kezkagarriagoa dena, "inork ez du aldaketarako bultzadarik egiten eta bitartean erraustegi bat eraikitzen ari dira bost kilometrotara". Klima aldaketaren aurka erreusa murriztea lortzea ezinbestekotzat jotzearekin batera, Donostiako Udalak hondakinen bilketa sistema ez eraginkortzeko zer nolako interesa izan dezakeen galdetu zuten. "Ez al da izango Donostiak urtero sortzen dituen ia 55.000 tona hondakin nahasiak nahi dituztela Zubietan eraikitzen ari diren erraustegia etengabe elikatzeko?".
Hiriburuko udalari gogorarazten diete, hurbilean Gipuzkoan bertan dutela irtenbidea; jada 70 herriek hartu dituztela neurri eraginkorrak eta "ekonomia zirkularraren bidera hurbiltzen ari dira".
Horregatik Udalari eskatzen diote, "mugi dezala ipurdia eta har ditzala neurriak berehala". Hartu beharreko zenbait neurri zehaztuak dituzte; organikoa biltzeko edukiontziak gainerako edukiontzien ondoan eta haiek adina jartzea hiriburu osoan, erreusarenari txipa jartzea, birziklatze datuak urtero gardentasunez argitaratzea, herritarrei zuzenduriko kanpainak egitea, edota auzokonposta egiteko azpiegiturak jartzea.
Herritarrei, "erraustegiari ematen ematen diotenak mugitu edo ez" ohiturak aldatu beharrak dituztela gogorarazi zieten, eta organikoa bereizten hasteko deia egiten diete, "bestela guk arnastuko dugu guk botatzen dugun zaborra".
Zubietan aldaketa
Gogoan izan, egoera honek Zubietako Donostia aldeari ere eragin dio orain arte. Berriki ordea, Donostiako eta Usurbilgo Udalek Zubietako zerbitzu eta lanak eraginkortzeko lau urterako adostu eta sinaturiko hitzarmenari esker, Zubieta osoko hondakinen kudeaketaren ardura Usurbilgo Udalaren esku geratu da.
Ondorio argi bat izango du honek; Donostia aldeko zubietarrei orain arte zituzten edukiontziak kenduko zaizkie, Garbitxiki berri bat eraikiko zaie, hondakinak atez ate biltzeko aukera eskaintzearekin batera. Zubietako Usurbil aldean atez ateko bilketa sistema indarrean da 2015eko uztailaz geroztik.