Horregatik, gazteei zein gazte eragileei maiatzaren 24an belaunaldi arteko mobilizazio handi bat egiteko proposamena luzatu die GuraSOSek, mezu honen bueltan; “plastikoari ez eta CO2ari ez. Erraustegia arazoa da, irtenbidea ez. Badago alternatiba. Eredua aldatuko dugu”.
Aurreratu dutenez, “ikasle eta gazte erakundeekin harremanetan jarri gara jada, eta aste honetan bertan harremanek fruituak ematea espero dugu. Gauza bera egingo dugu gainerako gizarte erakundeekin”, iragarri du guraso taldeak. Argi diote, “herritarren ahotsa entzuteko ordua da, hots, etorkizuneko belaunaldien ahotsa”.
Gizarteari sarritan ukatu izan zaion ahotsa. GuraSOSek gogorarazi duenez, erakundeen legitimotasuna aldarrikatuz, “mundu guztiko ordezkari legitimoek gure planeta ingurumen amildegira eramaten ari dira”. Gipuzkoara etorrita, sarritan eskatu izan du baita GuraSOSek Foru Aldundiarekin biltzea; gaur arte ez dute baiezkorik jaso. “Mingarria da ikustea erakundeek erakutsi duten gizarte mugimenduekiko eta batez ere herritarren lanarekiko mespretxua”.
"Berandu izan baino lehen"
Honen aurrean, erakundeek hondakinen kudeaketarekiko duten jokabidearekiko autokritika egin eta zuzentzea galdegiten du GuraSOSek, “berandu izan baino lehen”. Plastikoan oinarrituriko kontsumo ereduari bidea ematen segi eta hondakinen errausketaren osasun zein ingurumen arriskua onartezintzat jotzen duen gizartearekin bat egiten ez duten erakundeek bide horretan jarraitzen badute, “galtzen aterako dira”.
Gauza bera egitea eskatzen diete erakundeei, “erraustegiari buruzko erabakiarekin ere”. Alde horretatik, Hitzartu prozesutik sortutako hondakinen kudeaketa plan alternatiboa abian jartzeko dauden aukerak, orain arte hartu dituzten erabakiak aztertzea galdegiten die Batzar Nagusiei eta Foru Aldundiari, “kontuan izanik euren aterabidea plastikoa erretzean datzala eta plastiko hori urte gutxiren buruan ezingo dela erraustu”.
Gai honen inguruko eztabaida zabaldu eta alderdiek baina bereziki gizarteak esateko zer duen jakitea sustatu nahi du GuraSOSek. “Bizitza, osasuna eta ingurumenaren segurtasuna lehen lerroan jarri nahi ditugu, Barne Produktu Gordinaren aurretik”. Eztabaidaren erdigunean kokatu nahi dute, erraustegiak irudikatzen duen gobernantza, gizarte eta ekonomia eredua.