Hiru urteotako jarduna, Gipuzkoari hondakinen kudeaketarako alternatiba tekniko bat aurkeztuta borobildu du guraso taldeak; ekonomikoki bideragarria, erraustegia alboratu, egun aurreikusitako instalakuntzak berriro diseinatzea ahalbidetu eta ingurumena zein gipuzkoarron osasuna errespetatzen duena, jasangarria den alternatiba.
Hondakin kudeaketarekin Gipuzkoan dugun gatazka adostasunez konpontzeko 2019-30 urte arterako plan alternatiboa gizarteratuta. 2018. urtean zehar Gipuzkoako hainbat herritar, eragile eta adituek aurrekaririk gabeko Hitzartu prozesuan auzolanean landutako alternatiba hain zuzen, Foru Aldundiaren esku utzi zutena urte hasieran. Hitzartuk utzitako zenbakiak ekarri ditu gogora GuraSOSek: 1.078 lagunen parte hartzea, 50.000 lagunetik gorako parte hartzea mobilizazioetan, 200 bolondres, 180 pertsona ezagunen eta denetariko 25 gizarte eragileren babesa, aditu prestigiotsuez osaturiko Berme Batzordea, 80.000 euroko gastuei aurre egiteko jada auzolanean bildutako 75.125,93 euroak, 10.000 lagun baino gehiagoren diru ekarpena, (7.000 lagunek babes kutxen bidez, 115 komertziok parte hartu dute "babes kutxak" banatzen...).
Erakundeen kudeaketa monopolioaren haustura
Hitzartuk, erakundeen kudeaketaren monopolioarekin hautsi duela nabarmendu du GuraSOSek. “Hitzartu ekimenak frogatu du gizartea antola daitekeela eta teknikoki konplexua den prozesua abiarazi dezaleeka, eta praktikara eraman arrakastaz eta kalitate tekniko handiz. Frogatu dute badirela parte hartze kanalak eta teknikak erakundeetakoek ez bezala funtzionatzen dutenak, eta administrazioek ez dakitela edo ez dituztela abian jarri nahi”.
GuraSOSek salatzen duenez, “erakundeek ekimen hau ezkutatu nahi izan dute, arrakasta bildu duelako”. Hitzartu planak etorkizunerako marrazturiko bidea jorratzeko borondate politiko falta egotzi diete erakundeei.