GuraSOS: "Erraustegia arazoa da, ez irtenbidea. Badago alternatiba. Eredua aldatuko dugu!"

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 24a, 07:31

Hauteskunde kanpaina honetan eragile politikoek soilik ez, gizarteak ere zeresana duelako, Gipuzkoa hitza hartzera deitzen du ostiral honetan (maiatzak 24) GuraSOSek. Oraingoan, gazteak bereziki, “klima-aldaketara eta ingurumen-suntsipenera eraman gaituzten inertzia eta eredua zuzentzeko mobilizazioak” Europa osoan zabaltzen ari diren honetan hain zuzen. Diotenez, “planetaren etorkizuna eta giza biziraupena, ezin ditugu ordezkari politikoen esku utzi. Gizartearen ordua da. Erakundeak ingurumena suntsitzeko bidea alde batera uztera behartu behar ditugu”. Maiatzaren 24an eserialdia deitu du 19:00etan Donostiako Alderdi Ederren eta 20:00etan manifestazioa hiriburuan barrena.

Horregatik, gazteei zein gazte eragileei maiatzaren 24an belaunaldi arteko mobilizazio handi bat egiteko proposamena luzatu zien GuraSOSek, mezu honen bueltan; “plastikoari ez eta CO2ari ez. Erraustegia arazoa da, irtenbidea ez. Badago alternatiba. Eredua aldatuko dugu”. 

Aurreko astean eginiko agerraldian iragarri zutenez, “ikasle eta gazte erakundeekin harremanetan jarri gara jada, eta aste honetan bertan harremanek fruituak ematea espero dugu. Gauza bera egingo dugu gainerako gizarte erakundeekin”, iragarri zuen guraso taldeak. Egunotan berri eman dutenez, baiezkoa jaso dute eragileon partetik. Argi diote, “herritarren ahotsa entzuteko ordua da, hots, etorkizuneko belaunaldien ahotsa”. 

Gizarteari sarritan ukatu izan zaion ahotsa. GuraSOSek gogorarazten duenez, erakundeen legitimotasuna aldarrikatuz, “mundu guztiko ordezkari legitimoek gure planeta ingurumen amildegira eramaten ari dira”. Gipuzkoara etorrita, sarritan eskatu izan du baita GuraSOSek Foru Aldundiarekin biltzea; gaur arte ez dute baiezkorik jaso. “Mingarria da ikustea erakundeek erakutsi duten gizarte mugimenduekiko eta batez ere herritarren lanarekiko mespretxua”. 

"Berandu izan baino lehen"
Honen aurrean, erakundeek hondakinen kudeaketarekiko duten jokabidearekiko autokritika egin eta zuzentzea galdegiten du GuraSOSek, “berandu izan baino lehen”. Plastikoan oinarrituriko kontsumo ereduari bidea ematen segi eta hondakinen errausketaren osasun zein ingurumen arriskua onartezintzat jotzen duen gizartearekin bat egiten ez duten erakundeek bide horretan jarraitzen badute, “galtzen aterako dira”. 

Gauza bera egitea eskatzen diete erakundeei, “erraustegiari buruzko erabakiarekin ere”. Alde horretatik, Hitzartu prozesutik sortutako hondakinen kudeaketa plan alternatiboa abian jartzeko dauden aukerak, orain arte hartu dituzten erabakiak aztertzea galdegiten die Batzar Nagusiei eta Foru Aldundiari, “kontuan izanik euren aterabidea plastikoa erretzean datzala eta plastiko hori urte gutxiren buruan ezingo dela erraustu”.

Gai honen inguruko eztabaida zabaldu eta alderdiek baina bereziki gizarteak esateko zer duen jakitea sustatu nahi du GuraSOSek. “Bizitza, osasuna eta ingurumenaren segurtasuna lehen lerroan jarri nahi ditugu, Barne Produktu Gordinaren aurretik”. Eztabaidaren erdigunean kokatu nahi dute, erraustegiak irudikatzen duen gobernantza, gizarte eta ekonomia eredua. 

"35 urteetarako gatazkarik ez! Adostasuna, osasuna eta bakea!"
Sinbolismoz betetako ekitaldiarekin borobildu zuen GuraSOSek, larunbat arratsaldean Donostian barrena hondakinen kudeaketarekin dugun gatazka adostasunez konpontzearen alde egindako manifestazio jendetsua. Zapi zuriak, korapilorik gabeko soka, Joxan Artzeren Txoriak Txori abestia baliatu zituzten, oraindik orain ika-mikarako dugun gai honetan, adostasuna, osasuna eta bakea aldarrikatzeko. Hondakinen kudeaketarekin dugun gatazkari konponbide adostua emateko.

"Gure haurrak, ingurumena eta osasuna babesteko etorri gara!", zioten GuraSOSeko ordezkariek, Bulebarreko oholtza gainetik, manifestazioan parte hartu zuten milaka lagunei eskerrak helaraztearekin batera. 

Erakundeek hainbat komunikabideren laguntzaz, gizarteari hitza kendu eta "hutsaren hurrengo garela sinestarazi" nahi izan arren, "gizartea esnatu da. Ez dago lo!" gogorarazi zuten, erakundeen aldetik jarritako trabak salatzearekin batera.  

Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak hartu zituzten ahotan. Aldaketarik ez bada, datorren martxoaren 6an onartuko dute Batzar Nagusiek Gipuzkoako agintariek (EAJ, PSE) landua duten 2019-30 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plana. 

Gogoan izan ordea, pasa den urtean zehar, elkarrizketaren bidetik, osasun, ekonomia eta teknikaren ikuspuntutik Hitzartu plan alternatibo jasangarri eta bideragarria landu, adostu eta erredaktatu zutela Gipuzkoako hainbat herritar, eragile eta adituek. Plan hau foru agintarien esku dago. Prozesu honen testuinguruan eratutako Berme Batzordeak elkarrizketarako bidea irekitzea eskatu zien foru agintariei. "Ez da erantzunik izan", zioten GuraSOSeko ordezkariek Bulebarreko ekitaldian. 

"Egiarekin konprometituak gaude"
Zubietako erraustegiari lotua, proiektu honen sustatzaileek ezkutuan zituzten komunikazio eta ingurumen zaintza plan konfidentzialak eman ditu argitara asteotan. "Egiarekin konprometituak gaude, ez dugu sekreturik nahi ingurumen eta osasunari eragiten dieten gaietan", GuraSOSeko kideek ziotenez. Dokumentuon plazaratzeak hautsak harrotu ditu. "Imanol Lasa (Foru Aldundiko bozeramailea) azken aste hauetan denetik entzun dugu, borroka, gerra, gadua duzue, ez dago zer eginik, ez sartu politikan, gurea, ez dugu onartuko...", zioten GuraSOSeko ordezkariek foru agintariek baliatutako hitz eta adierazpenak gogora ekarrita.

Horren aurrean, argi zioten, "ez duzue ezer ulertu! Ez gaude borrokarako, elkarlananerako, aurrera elkarrekin egiteko baizik", eskuetan zapi zuriak astintzen zituzten artean. Adostasunerako keinuak eginez, Foru Aldundiak landu eta onartzear duen hondakinen kudeaketa planaren zenbait proposamen, "gureak egiten ditugu. Adibidez, TMB-a, biometanizazioa, baina labeak ez! Erraustegia inola ere ez! Erraustegiari ez!", oihukatu zuten, bertan zirenen txalo eta errausketaren aurkako oihu artean. 

Elkarlanerako deia, Europatik eskatu bezala
Hondakinen erraustearen aurrean, jendarteak emandako irizpideak gogorarazi zizkien GuraSOSek foru agintariei. "Osasuna lehenestea, eraikin eta instalakuntzak ahalik eta gehien aprobetxatzea eta bideragarri izatea". Hitzartu planaren oinarriak ditugu honako hauek. Aipatu moduan ordea, martxoaren 6an onartzekoa dute Batzar Nagusiek Foru Aldundiaren plana. Eta horrekin, "garaipena irudikatu nahi duzue Batzar Nagusietan. Ez egin gerra gizartearen aurka. Begira zer dioen Europatik, Frans Timmermans Europako Batzordeko lehen presidente ordeak: ingurumen erronkei, eta zehazkiago hondakinenei, hiritarren eta gobernuen arteko elkarlanarekin aurre egin behar zaie". 

Gipuzkoan ere oraindik garaiz gaudela gogorarazten du GuraSOSek, "eskura dugu benetako aukera, benetako konponbidea. 35 urteetarako gatazkarik ez! Adostasuna, osasuna eta bakea!". 

Korapilo gabeko soka
Aipatu moduan, sinboloez jositako ekitaldia izan zen Bulebarrekoa. GuraSOSen ekitaldian zehar, haur bat soka bateko korapiloak askatzen aritu zen. "Soka hau askatzen, desadostasunaren korapiloak desegin nahi izan ditu. Hemen soka berri bat, herritarrok erakundeei eskainia. Denon artean, Gipuzkoa osasuntsu eta hobea josi dezakeena".  

Hondakinen kudeaketaren ardura guztiona dela gogoraraziz, "adostu dezagun mesedez!" galdeginez amaitu zuten, Joxan Artzek sortutako "Txoriak txori" abestuz milaka lagun batu zituen manifestazioa.