GuraSOS: "Datozen hilabeteetan esateko asko izango duen elkarlana ari da sortzen belaunaldi ezberdinen artean"

GuraSOSen esanetan Fridays For Future ikasleen mugimenduak mundu mailan eta gugandik gertu, Donostian deitutako mobilizazioak mugarri berri bat ezarri du. "Datozen hilabeteetan esateko asko izango duen elkarlana ari da sortzen belaunaldi ezberdinen artean". Argi dio GuraSOSek, gizartearen ordua da, "planetaren etorkizuna eta giza biziraupena ezin ditugu ordezkari politikoen esku utzi".

Ostiraleko mobilizazioan, GuraSOSen esanetan, "Donostiako kaleek erakutsi dute argi eta garbi gipuzkoarrok ezetz esaten diogula erraustegiari, ezetz esaten diogula aldaketa klimatikoari, ezetz kutsadurari, eta, aldiz, baietz mahai gainean jarri dugun alternatiba tekniko bideragarriari: Hitzartu kudeaketa planari, zeinak hondakinen arazoa konpontzen duen aldaketa klimatikoa larritu gabe eta kutsatu gabe".

Helarazi nahi izan zuten "m
ezua garbia da: gizarteak ez du onartuko plastikoa eta erraustegia bihur daitezen XXI. mendeko amiantoa. Erraustegia=aldaketa klimatikoa=kutsadura. Badago alternatiba".

Europako erakundeak munduan nagusitzen ari den egoera berrira egokitu behar direla dio GuraSOSek, "bi ezaugarri hauekin: plastikoan oinarrituriko kontsumo ereduaren amaiera, eta gizartearen benetako parte-hartzea, hondakinak errausteak dakarren osasun eta ingurumen arriskua errefusatuz, eta defendatzen aritu diren eredu zaharkitu eta etorkizunik gabea alde batera utzirik".

"Gizartearen ordua da"
Horretarako ordea hausnartzeko garaia dela diote. "Benetan irtenbidea erraustegia al da, ala, aitzitik, arazo handi bat da ingurumen, ekologia, osasun eta ekonomiaren aldetik? Zein eredu ekonomiko eta soziali balio dio erraustegiak? Zein gobernantza erari erantzuten dio? Gizartearekin kontatu al dute? Instituzioek gaur egun ingurumen eta osasun aldetik dugun egoera larriarekin koherente jokatzen al dute?".

Gizarteak argi dutela diote. "Gizarteak gaur egun bizitza, osasuna eta ingurumenaren segurtasuna aurre-aurrean jartzen ditu, Barne Produktu Gordinaren edo interes ekonomikoen aurretik. Ordua da herritarren ahotsa entzun dadin, hots, etorkizuneko belaunaldien ahotsa".

Gizartearen ordua da GuraSOSen esanetan, "planetaren etorkizuna eta giza biziraupena ezin ditugu ordezkari politikoen esku utzi" eta gaineratzen dutenez, "instituzioak behartu behar ditugu ingurumena suntsitzeko bidea alde batera utz dezaten".

Azken urteotan beste hainbatetan argi geratu dena berretsi zuten atzokoan, baina berrikuntza nagusi batekin. "Belaunaldien arteko batasuna osatu da, eta horrek datozen hilabeteotan esatekorik asko izango du gai honetaz", iragarri du GuraSOSek.