Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak joan den urriaren 8an Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin errugabetzen zituen Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiaren aurkako helegitea ez du aintzakotzat hartu aipatu epaitegiak eta honenbestez bigarrenez, errugabetu ditu Intxaurrandieta eta Errazkin, 2013ko azaroan Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak eteteko enpresa eraikitzaileekin adostuta hartutako erabaki hartatik.
Gogoan izan, 40 milioi eurotik gora beren poltsikotik ordaintzea eskatzen zieten EAJ eta PSE alderdiak agintean dituen foru gobernuak, Intxaurrandietari eta Errazkini, urte luzez milaka gipuzkoarrek eskatutakoa betetzeagatik; haien aurreko legealdian, EAJ eta PSE-k sustaturiko Zubietako erraustegiko lanak eteteko 2013ko azaroan enpresa eraikitzaileekin adostutako akordioagatik.
Aipatu bi alderdiok agintean dituen GHK-k epaitegietan salatu zituzten EHBilduko bi ordezkariak. Iazko apirilean deklaratu zuten Madrilen Intxaurrandietak eta Errazkinek. Joan den urrian Espainiako Kontu Auzitegiak arrazoia eman zieten EHBilduko ordezkariei. Zubietako erraustegiko lanak geratzea ez zela delitua izan ebatzi zuen Espainiako Kontu Auzitegiak. "Guk bagenekien ondo jokatu genuela, horrela jokatu behar zela, herritarron interesak defendatu genituela", adierazi zion NOAUA!ri Intxaurrandietak urriko epaia argitara eman berritan.
Ez hori bakarrik, Zubietan eraiki nahi zen erraustegia gaindimentsionatua zegoela ere aitortzen zuen Madrilgo auzitegiak. Erraustegiaren sustatzaileek bankuekin sinatutako swap-ek eragindako zorrak eteteko aukera izan zutela EAJ-k eta PSE-k eta ez zutela egin. "Erraustegia geratu izanaren ondoriozko diru horren galeraren arduraduna zein den zehazten du. Guk egin genuen gauza bakarra, besteek egindako okerra zuzentzen saiatzea izan zela esaten du", zioen Intxaurrandietak.
Epai hura kaleratu eta gutxira helegitea aurkeztu zuen GHK-k. Baina helegite hura aintzakotzat hartu ez eta epai hura berretsi du orain Espainiako Kontu Auzitegiak. Intxaurrandieta eta Errazkin errugabetu ditu bigarrenez eta ez dute haien bizitza betirako hipotekatuko zuen 40 milioi eurotik gorako dirutza ordaindu beharrik izango. Epaiak dio GHK-k ez duela behar bezala frogatu auziperatuei egotzitakoa. Zuzen baliatu zutela diru publikoa.