Zubietako Herri Batzarraren eratze ekitaldia 19:00etan Kaxkapen

Maiatzaren 26ko hauteskundeetako emaitzetatik gaur eratuko da, 2019-23 legealdirako Zubietako Herri Batzar berria. Asteazken arratsalde honetarako (uztailak 3) finkatu dute eratze ekitaldia 19:00etan Kaxkapen. Usurbil aldeko hautagai bozkatuenak, Haritz Arrizabalagak hartuko du alkatetza 2021. urtera arte. Donostialdeko hautagai bozkatuenak hartuko dio lekukoa 2021etik 2023ra, Jon Arroyok.

Azken asteotan eratu dira maiatzaren 26ko hauteskundeen emaitzetatik udalak, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta baita Europako erakundeak ere. Gogoan izan ordea, bozketa egun hartan Zubietako Herri Batzarra berritzeko aukera izan zuten zubietarrek. 5 hautagai aurkeztu ziren deialdi hartara. Dakizuen moduan, Zubieta bi udalerriren artean zatitua dagoenez, bi Usurbil aldetik, hiru Donostia aldetik. Batean eta bestean bozkatuena izandako hautagaiak izango dira alkate datozen lau urteotan; 2019-21 urte artean Usurbil aldekoa, Haritz Arrizabalaga, 2021-23 urte artean Donostia aldekoa, Jon Arroyo. 

Arrizabalagak asteazken honetan (uztailak 3) hartuko du Zubietako alkatetza, 19:00etan Kaxkapen egingo den ekitaldian. Hitzordu berean eratuko da datozen lau urteotarako herri batzar berria kideokin:

Maiatzaren 26ko hauteskundeetako emaitzak
Usurbilaldean:
Haritz Arrizabalaga 81 boto.
Urtzi Alberdi 41 boto.

Donostialdean:
Jon Arroyo 63 boto.
Eneko Izagirre 46 boto.
Ignacio Izagirre 44 boto.

BATZARRAREN FUNTZIOAK
1-Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
2-Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.
3-Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.
4-Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
5-Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
6-Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.