Zubietako Herri Batzar berriaren eratze ekitaldia Zubieta gainean eraikitzen aritu diren erraustegia martxan jartzekotan dela ospatu zen asteazken arratsaldean. Administratiboki bitan zatitua dagoen herriko Donostia aldeko lurretan eraiki dute hondakinak erraustuko dituen azpiegitura toxikoa. Ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, errausketaren aurkako banderolekin egin zioten harrera zubietarrek Donostiako alkate Eneko Goiari.
Ekitaldi amaieran, zubietar batek eskura eman zion errausketaren aurkako banderola, gaiari buruz hausnartzea galdegitearekin batera.
Erraustegia udan probaldian
Gogoan izan, behin eraikitze lanak amaituta proben fasean izango dute erraustegia uda honetan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenak betetzen badira behintzat, urrirako martxan, ke toxikoa isurtzen ikus dezakegu Zubieta gaineko erraustegia.
Apirilaren 25ean heldu ziren lehen kamioiak errausketaren zero gunera, Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) plantara. Gipuzkoako Foru Aldundiak finkatua duen egutegia kontuan izanda, aurtengo urrian instalakuntza osoa martxan izatea aurreikusten du. Lanak hilabete honetan bertan amaitu nahi dituzte. Ekainetik urrira erraustegia probetan izan nahi dute.
Paraleloki garatzen ari diren lanen bi faseen baitan azpiegiturok eraikitzen ari dira hiru lursail ezberdinetan: 31.988 metro karratuko lur eremuan, biometanizazio eta zepentzako plantak; bestean, erraustegia eta tratamendu mekaniko-biologikorako plantak; eta hirugarrenean “Naturklima”.