Zubietako erraustegia martxan jartzetik hurbil

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 18a, 13:05

Eraikia eta martxan jartzeko prest dute Zubietako erraustegia. Orain bai, hondakinak errausteko planta lanean ikustetik gertuago gara. Azken orduotan hedabide batek Zubieta gaineko eraikina lanean hasteko balizko data ere finkatu dio; abuztu amaieran edo iraila hasieran hondakinak errausten hasi daitezke bertan.

Ondoko irudiotan bildu dugu erraustegia martxan jartzear dutela, guneak egun duen itxura. Lanean dabiltza bertan. Erraustegia martxan jartzeko azken prestaketa lanetan behar dute honez gero. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa informazio iturri gisa aipatuta, Diario Vascok asteazkenean berri ematen zuenez, abuztu amaieran edo iraila hasieran hasi daitezke erretzen zaborra. Bi parrilla ditu antza guneak. Bakoitzak orduko 12,5 tona zabor errausteko gaitasuna du. Baina argi denez erregaia behar dute, jarduna eten ez dadin. Uda amaierarako nahikoa erregai izango dutela kalkulatzen dute.

Gogoan izan, apirilaz geroztik martxan da Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) planta. Ordutik, DV-ren arabera, 3.500 tona zabor galbahetu dituzte. Lehen zabor kiloak hilabete barru errausten hasi daitezke.

Paraleloki garatzen ari diren lanen bi faseen baitan azpiegiturok eraikitzen ari dira hiru lursail ezberdinetan: 31.988 metro karratuko lur eremuan, biometanizazio eta zepentzako plantak; bestean, erraustegia eta tratamendu mekaniko-biologikorako plantak; eta hirugarrenean “Naturklima”. Biometanizazio planta abuztu hasieran martxan jar dezakete.