Honenbestez, EAJ eta PSE buru dituen GHK-ren zuzendaritzak EHBilduko ordezkarien aurka zabaldutako auzibideari amaiera ematea erabaki dute gaurko asanbladan. Gogoan izan, 2013ko azaroan Zubietako erraustegiko lanak geratzeko enpresa eraikitzaileekin adostutako erabakiagatik 45 milioi eurotik gora ordaintzea eskatzen zieten Intxaurrandietari eta Errazkini. Espainiako Kontu Auzitegiak ordea arrazoi eman zien EHBilduko ordezkariei iazko urrian. Epai hari helegitea aurkeztea erabaki zuen gero GHK-k eta helegite hari ere Madrilgo epaitegiak arrazoia eman zien Intxaurrandietari eta Errazkini.
Egoera honetan, GHK-k Espainiako Auzitegi Gorenera jo beste aukerarik ez zuen. Baina aipatu moduan, ostiral honetan egin duen asanbladan, Espainiko Kontu Auzitegiaren epaia ez errekurritzea erabaki dute.
Bitan errugabetuak
Erraustegia geratzea delitua ez zela izan adierazi zuen ekainean bigarrenez Espainiako Kontu Auzitegiak, Intxaurrandieta eta Errazkin errugabetzearekin batera, eta honenbestez ez zuten aintzakotzat hartu salatzaileek, egungo Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko arduradunek EHBilduko ordezkari eta 2011-15 legealdian GHK-ko lehendakari izandako Ainhoa Intxaurrandietaren eta foru ingurumen diputatu Iñaki Errazkinen aurka aurkezturiko helegitea. Aipatu auzitegiak bigarrenez eman zien arrazoia EHBilduko kideei eta honenbestez, 2013ko azaroan erraustegiko lanak eteteko hartutako erabakia delitua ez zela izan argi utzi zuen.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak joan den urriaren 8an Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin errugabetzen zituen Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiaren aurkako helegitea ez zuen aintzakotzat hartu aipatu epaitegiak eta honenbestez bigarrenez, errugabetu zituen Intxaurrandieta eta Errazkin, 2013ko azaroan Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak eteteko enpresa eraikitzaileekin adostuta hartutako erabaki hartatik.
Gogoan izan, 40 milioi eurotik gora beren poltsikotik ordaintzea eskatzen zieten EAJ eta PSE alderdiak agintean dituen foru gobernuak, Intxaurrandietari eta Errazkini, urte luzez milaka gipuzkoarrek eskatutakoa betetzeagatik; haien aurreko legealdian, EAJ eta PSE-k sustaturiko Zubietako erraustegiko lanak eteteko 2013ko azaroan enpresa eraikitzaileekin adostutako akordioagatik.
Aipatu bi alderdiok agintean dituen GHK-k epaitegietan salatu zituzten EHBilduko bi ordezkariak. Iazko apirilean deklaratu zuten Madrilen Intxaurrandietak eta Errazkinek. Joan den urrian Espainiako Kontu Auzitegiak arrazoia eman zieten EHBilduko ordezkariei. Zubietako erraustegiko lanak geratzea ez zela delitua izan ebatzi zuen Espainiako Kontu Auzitegiak. "Guk bagenekien ondo jokatu genuela, horrela jokatu behar zela, herritarron interesak defendatu genituela", adierazi zion NOAUA!ri Intxaurrandietak urriko epaia argitara eman berritan.
Ez hori bakarrik, Zubietan eraiki nahi zen erraustegia gaindimentsionatua zegoela ere aitortzen zuen Madrilgo auzitegiak. Erraustegiaren sustatzaileek bankuekin sinatutako swap-ek eragindako zorrak eteteko aukera izan zutela EAJ-k eta PSE-k eta ez zutela egin. "Erraustegia geratu izanaren ondoriozko diru horren galeraren arduraduna zein den zehazten du. Guk egin genuen gauza bakarra, besteek egindako okerra zuzentzen saiatzea izan zela esaten du", zioen Intxaurrandietak.
Epai hura kaleratu eta gutxira helegitea aurkeztu zuen GHK-k. Baina helegite hura aintzakotzat hartu ez eta epai hura berretsi zuen ekainean Espainiako Kontu Auzitegiak. Intxaurrandieta eta Errazkin errugabetu zituen bigarrenez eta ez dute haien bizitza betirako hipotekatuko zuen 40 milioi eurotik gorako dirutza ordaindu beharrik izango. Epaiak dio GHK-k ez zuela behar bezala frogatu auziperatuei egotzitakoa. EHBilduren ordezkariek zuzen baliatu zutela diru publikoa.