Zubietako Jai Batzordea: “Aurten herriko hainbat taldek beraien laguntza eskaini digute”

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 22a, 11:51

Egun batzuk baino ez dira falta Zubietako jaiei hasiera emateko. Antolatzaileekin batu gara eta azalpen hauek eskaini dizkigute. Argazkia: Ion Markel Saez de Urabain.

NOAUA! Aurtengo jaietan ez da atseden egunik izango.

Zubietako Jai Batzordea. Zubietako festetan egun finko batzuk daude: 25 Santio eguna, 26 Oilasko biltzaileak (normalean), 30 gaupasa, 31 San Inazio, beste egun bat umeen eguna, beste bat jubilatuena… Kontuan hartuta asteburuak ezin direla hutsik utzi, aurten horrela tokatu da. Eskertzen dugu atseden egunen bat edukitzea, baina aurten horrela izan beharko du.

 

Nahikoa jende ba al zaudete jaiak aurrera ateratzeko?

Egia esan aurten nahiko justu gabiltza. Orain arte bilerak egiteko nahiko jende gutxi elkartu gara, baina festetarako gehiago bilduko garela espero dugu. Azken finean, urtean zehar zaila da astean zehar denok elkartzeko egun bat aurkitzea, baina festetan laguntzeko jende gehiago egoten da prest. Gainera, aurten herriko hainbat taldek beraien laguntza eskaini digute ekintza batzuk antolatzeko: herri afaria, sardin eta piper jana, herri olinpiadak, sagardo dastaketa eta bertso txapelketa, bertsolariak, soka dantza, umeen eguneko jolasak… Eta hori eskertzekoa da. Horrez gain, festetan zehar egingo diren txosnako txandak Zubietan zabaldu nahi ditugu. Ea denon artean moldatzen garen.

 

Nola doaz prestaketa lanak?

Orain arte bileretan bakarrik ibili gara. Hemendik aurrera gauzak prestatzen hastea tokatzen zaigu: eskaerak, erosketak, muntaketa lanak… Beraz, oraingoz ondo gabiltza, hemendik egun batzuetara ikusiko dugu.

 

“Zubietako jaietan beti dago parranda giroa”

Lehen Bertso Txapelketa proposatu duzue larunbat eguerdirako. Nondik sortu da ideia hori?

Egia esan ideia ez da gurea. Zortzitan Bertso Eskola urte batzuk doa sagardo dastaketa antolatzen eta horrekin batera, puntu txapelketa proposatu ohi zuten. Aurten aldatzeko asmoz edo, bertso txapelketa antolatu dute eta guri behintzat oso ideia ona iruditu zaigu.

 

Aurreko urteetako arrakasta espero duzue?

Hori ezin da inoiz jakin. Beti espero duzu jendea etortzea, baina gutxiena espero duzunean jende pila etortzen da eta ezustean harrapatzen zaitu, edo alderantziz. 

Zubietako jaietan beti dago parranda giroa eta beti goizeko ordu txikiak arte luzatzen da. Beraz, espero dugu aurten ere jendea animatuko dela.

 

Argazkia: Ion Markel Saez de Urabain.