Bi herritar, abiatzear den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Asier Azpiroz Iztueta zubietar bertsolariak parte hartuko du irailaren 14an abiatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Inaxio Usarralde Arantzadi aginagarrak gai-jartzaile gisa. Adi, txapelketako saioetarako sarrerak irailaren 2tik aurrera jarriko dituzte salgai.

Zubietak eta Aginagak ordezkari bana izango dute irailaren 14an abiatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Lau urtez behin ospatzen den hitzorduan oholtza gainean bertsotan entzungo dugu Asier Azpiroz Iztueta zubietarra eta gai-jartzaile lanetan, Inaxio Usarralde Arantzadi aginagarra. Azpirozek irailaren 21ean Ordizian ospatuko den final-zortzireneko saioan parte hartuko du.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saioak ikusteko sarrerak, datorren astelehenean, irailaren 2an jarriko ditu salgai antolakuntzak, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Baita irailaren 14an hasita hiru hilabeteko txapelketa borobilduko duen abenduaren 14ko Donostiako Illunbeko final handikoak ere; bai saio solteetarako txartelak eta baita bonu kopuru mugatua ere Bertsozale Elkarteko bazkideentzat.

Pello Errota bertsolaria hil zeneko mendeurrena betetzen denez aurten, berari eta Mikaela Elizegi bertsolariari keinu txiki bat egin nahi die Gipuzkoako Bertsolari Elkarteak. Horregatik, bien sorterrian, Asteasun ospatuko da irailaren 7an, parte hartzaileekin egingo den txapelketako aurkezpen festa.

GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
Iraupena: irailak 14 (Oñati)-abenduak 14 (Donostiako Illunbe).
Lehiakideak: 48 (tartean Asier Azpiroz Iztueta zubietarra). Haietatik zortzi sailkatuko dira Illunbeko final handirako.
Lehiakideekin batera: 15 gai-jartzaile (tartean Inaxio Usarralde Arantzadi aginagarra), 16 epaile eta 4 idazkari eta laguntzaile.
Ospatuko diren saioak: 16 (Usurbildik gertuen, azkeneko final-zortzirena Lasarte-Orian urriaren 5ean eta lehen final-laurdena Andoainen urriaren 19an). 
Sarreren salmenta: irailaren 2tik aurrera, bertsosarrerak.eus atarian.
Txapelketaren sintoniaren sortzailea: Don Inorrez taldea.
Txapelketaren irudi eta diseinu lanak: Lanku Kultur Zerbitzuak.
Txapelketaren gaineko informazioa:
bertsozale.eus
bertsoa.eus

Irudiaren egilea: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.