Zubietako erraustegia

"Ez dugu etsiko"

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 3a, 19:46

Eraikia eta zaborra erretzen hastear duten Zubietako erraustegia geratzeko giza katea deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak eragile anitzekin batera, igande honetarako (irailak 8), 11:30ean Donostiako Kontxa hondartzan. Bertan aurkeztu dute gaur agerraldi bidez mobilizazioa.

"Ez dugu etsiko: planeta bizigarri baten alde gaude eta horregatik ezin dugu onartu erraustegia", mezu honekin, iganderako (irailak 8) Donostiako Kontxan deitu duten giza katean parte hartzera deitu gaituzte prentsaurreko bidez astearte goiz honetan, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta eragile anitzek. 

Zubietako erraustegia eraikia dago, zaborra erretzen hastear. "Egoera berri baten aurrean aurkitzen gara", zioten giza kateko antolatzaileek gaur goizeko agerraldian. Baina argi zioten, "honek ez du aldatuko gure borroka eta aldarrikapena berbera izango da: erraustegia gelditu". 

Erraustegia geratzeko beharra dagoela nabarmendu dute, hasteko halako azpiegitura baten beharrik ez dagoelako. Oaz "Gipuzkoan sortutako erreusa erraustegiak erre dezakeenaren erdia izan da gutxi gorabehera eta gutxitzeko joerarekin jarraitzen du urtez urte".

Horrez gain, klima aldaketan izango duen eraginagatik. "Erraustegian erretako zabor kilo bakoitzeko gutxi gorabehera kilo bat CO2 sortuko da eta erraustegiak urtean isuriko dituen nitrogeno oxido kopurua 150.000 turismo diesel bakoitzak 10.000 kilometro eginez aireraturikoaren parekoa izango da", ohartarazi dute.

Klima aldaketa inoiz baino sarriago ahotan darabilten agintariei berehala "benetako neurriak hartzea" galdegin diete, ekonomia zirkularraren norabidean beti ere. Tartean, Donostiako Udalari, "azken lau urteetan ez baitu ezer egin egoera nazkagarri hau aldatzeko". Gipuzkoan erreus gehien sortzen segitzen duen udalerria da Donostia. 

Erraustegia geratzeko giza-katea igande goizeko 11:30etan Donostiako Alderdi Ederretik Kontxa hondartzara jaisteko dagoen arrapalatik abiatuta. 

Gaur goizeko prentsaurrekoan plazaratu duten oharra osorik hemen:

OHARRA
Aurreko urte askotan bezala Errausketaren Aurkako Mugimenduak, talde politiko, ekologista, sindikatu eta abarren laguntzaz, giza katea antolatu du irailaren 8an goizeko 11:30ean Kontxako hondartzan.

Aurtengoan egoera berri baten aurrean aurkitzen gara: Donostiako erraustegia eraikita dago eta edozein egunetan hasiko da zaborra erretzen. Honek ez du aldatuko gure borroka eta aldarrikapena berbera izango da: erraustegia gelditu. 2018an Gipuzkoan sortutako errefusa erraustegiak erre dezakeenaren erdia izan da gutxi gorabehera eta gutxitzeko joerarekin jarraitzen du urtez urte. Galdera zuzena doakie gure agintariei eta erraustegia kudeatuko duen Urbaser enpresa txinatarrari: nola osatuko duzue eraikitako monstruoa elikatzeko beharrezkoa den zaborra? Zaborra inportatzen hasiko al zarete Europako hainbat erraustegiek egiten duten moduan?

Erraustegiak zabor gehiago behar du erre ahal izateko, nahiz eta Donostiak egiten duen ekarpena ikaragarria izan: 2018an Donostia izan zen biztanleko errefus gehien sortu zuen Gipuzkoako herria (288 kg), beste herri gehienek 100 kg biztanleko sortu zuten bitartean eta bataz bestekoa 160 kg izan zenean. Donostiako Udalak duen jarrera salatu behar dugu, azken lau urteetan ez baitu ezer egin egoera nazkagarri hau aldatzeko; baina ulergarria da haien ikuspegitik: Donostiak bakarrik erraustegiak behar duen erregaiaren zati handiena sortzen du eta Gipuzkoa beste herri gehienen bidea jarraituz gero, are eta larriagoa litzateke erretzeko zabor eskasia. Donostiak erraustegia behar du eta erraustegiak Donostia behar du!

Askotan hitz egin dugu erraustegiak airea eta lurra kutsatuko dizkigula, gaixotasunak sortuko dituela... Gaurkoan erraustegiak isuritako gasek klima aldaketan izango duten eragina azpimarratu nahi dugu. Erraustegian erretako zabor kilo bakoitzeko gutxi gorabehera kilo bat CO2 sortuko da eta erraustegiak urtean isuriko dituen nitrogeno oxido kopurua 150.000 turismo dieselek, bakoitzak 10.000 km eginez aireraturikoaren parekoa izango da. Gogoratu hauek direla, metanoarekin batera, gure planeta galbidera daramaten gas kaltegarrienak. Ikuspegi honetatik ere erraustegia izango da Gipuzkoako enpresa kutsagarrienetakoa, klima aldaketa areagotzen gehien lagunduko duena.

Gure agintariei klimari buruzko hitz potoloez gain, benetako neurriak ezartzea eskatzen diegu, eta neurri hauek ekonomia zirkularraren bidetik pasa behar dute nahita ez: murriztu (batez ere plastikoen erabilpena), berrerabili, birziklatu, konpostatu eta geratzen den errefusa egonkortu ondoren zabortegira bidali.

Gure seme-alabentzat, gure bilobentzat planeta bizigarria nahi baldin badugu, ezin dugu biharko utzi. Berehala hasi behar dugu gure ohiturak aldatzen eta politikari eta agintariei eskatzen utz dezatela alde batera negozioen bidea eta etorkizun jasangarri baten alde jar ditzatela bitartekoak.

Ez dugu etsiko: planeta bizigarri baten alde gaude eta horregatik ezin dugu onartu erraustegia.

Alternatiba, EHBildu, Equo, Sortu, Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, CCOO, EHNE, LAB...