Zazpi lehiakide izango ditu Zubietak, abiatzear den Endika Abril Errebote Txapelketan

Asteburuan abiatuko da 56. Endika Abril Errebote Txapelketa. Iazko txapelduna, Zubieta izango du partaideen artean. Eta zubietarrekin, Euskal Herriko beste zazpi talde.

Gipuzkoako bi talde, Villabonako Behar Zana eta Oiartzungo Txost. Nafarroa Beherako ordezkaritza ere izango du; Baigorriko Zaharrer Segi. Eta Lapurdiko lau talde lehiatuko dira baita; Hazparneko Noizbait, Donibane Lohitzuneko Luzean, Kanboko Kanboarrak eta Sarako Izarra sararrak. 

Bi multzotan banatuta abiatuko dute Endika Abrilen lehen fasea asteburuan. Itzuli bateko ligaxka jokatuko dute zortzi taldeek hurrengo hiru asteburuetan. Partidak, Zubieta, Villabona eta Oiartzungo plazetan jokatuko dira. Gero bi finalerdi irailaren 29ko asteburuan. 56. edizioko final handia urriaren 6ko asteburuan jokatuko da Villabonan, beti ere eguraldiak laguntzen badu. 

56. ENDIKA ABRIL ERREBOTE TXAPELKETA
Hasiera: irailaren 8ko asteburua.
Amaiera: eguraldiak laguntzen badu, urriaren 6ko asteburuan Villabonako errebote plazan.
Faseak:
-Irailaren 8ko asteburutik irailaren 22ko asteburura: itzuli bateko ligaxka, Oiartzun, Villabona eta Zubietako plazetan.
-Irailaren 29ko asteburuan: lehen fasean bi multzoetan lehen bi postuetan sailkatutako taldeen arteko finalerdiak. Multzo bateko lehen sailkatua beste multzoko bigarren sailkatuarekin lehiatuko da.
-Urriaren 6ko asteburuan: finala Villabonako errebote plazan.
Parte hartzaileak: 
A multzoa: Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa), Behar Zana (Villabona, Gipuzkoa), Noizbait (Hazparne, Lapurdi), Zaharrer Segi (Baigorri, Nafarroa Beherea).
B multzoa: Luzean (Donibane Lohitzune, Lapurdi), Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Sarako Izarra (Sara, Lapurdi), Txost (Oiartzun, Gipuzkoa).

Informazio gehiago: gipuzkoapilota.eus