Hedabideok jaso berri dugu deialdia. Prentsaurreko masibo baterako deia ostegun honetarako (irailak 5) arratsaldeko 19:00etan Zubietako plazan. Hitzordua, Zubieta Lantzen Kultur eta Kirol Elkarteak eta zubietarrek egin dute. Eta oso garrantzitsutzat jo dute prentsaurreko masibo hau. Erraustegiari lotutako albiste bat plazaratuko dute. "Ekimen berri eta garrantzitsu baten berri emango dugu", adierazi du Zubieta Lantzen Kultur eta Kirol Elkarteak ohar bidez.
Hitzordu hau, ostegun honetan ezagutzera emango dutena, datorren astean izango da. "Jakinaraziko duguna datorren astean bertan izango da, eta nazioarteko jendea ere bertan izango da", iragarri dute.
Osteguneko prentsaurreko masiborako ahalik eta zubietar gehien biltzeko prestasuna adierazi du Zubieta Lantzenek, hedabideei bertara agertzeko gonbita luzatzearekin batera.
Giza-katea igandean
Ostegunean zubietarrek iragarriko duten ekimenaren aurretik, gogoan izan, errausketaren aurkako giza-katea deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak eragile anitzekin batera igande honetarako (irailak 8) 11:30etan Donostiako Kontxan. Urte luzez egin izan den mobilizazioa berezia izango da aurtengoan. "Ez dugu etsiko: planeta bizigarri baten alde gaude eta horregatik ezin dugu onartu erraustegia", zioten atzoko agerraldian.
ERRAUSKETAREN AURKAKO GIZA-KATEA
Eguna: irailak 8, igandea.
Ordua: 11:30.
Tokia: Donostiako Alderdi Ederren, Kontxa hondartzara jaisteko arrapala.
Zehaztasunak: "Errausketa=klima aldaketa" aldarripean, giza katea deitu dute Donostiako Kontxan, estropaden bigarren jardunaldi egunean.
Deitzaileak: Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Mugimendua eta Donostia Bizirik.