Gaur bezala urte luzez "mila aldiz" adierazi dute beharrezkoa izan ez eta inposaturiko erraustegi honen aurka direla, badirela alternatiba merkeago eta osasuntsuagoak, baina halere erraustegia eraiki diete 500 metrora. Martxan jartzear dutela esana diete. Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) medikuak nazioarteko ikerketetan, erraustegiek osasunean duten eragin kaltegarriaz ohartarazten dabiltza. Eta Foru Aldundia, erraustegiak eragin eta kalterik izango ez duela bermatuko duen jarraipen plan bat garatzera legez derrigortua egon arren, gaurkoz plan honen berririk ez dute Zubietan...
Eta noski, 10 kilometroko erradioan erraustegiak milaka herritarren bizitzan eta osasunean izango duen eraginagatik kezkatuak daude. Horregatik, zubietarrek ostegun arratsalde honetan errebote plazan hedabideen aurrean luzatu duten galdera argia zen; "nola egongo gara lasai?".
Ez daude lasai, eta Zubieta Lantzen elkarteak deitutako gaurko hitzorduan argi adierazi duten moduan, "zubietarrok ez gara besoak gurutzatuta geratuko". Azken orduotan hedabideei bidalitako deialdian aurreratu bezala, erraustegiari lotutako ekimen garrantzitsu eta berria plazaratu dute gaurkoan; Gipuzkoako erraustegia martxan jartzen badute, haren kutsagaiak zientifikoki neurtuko dituztela adierazi dute.
Holandako Toxicowatch Fundazioarekin eta bertako enpresa batekin
Nabarmentzeko moduko bi bidelagun izango dituzte zereginotarako; "Toxicowatch, gobernuz kanpoko zientzialarien elkargo holandar bat". Zubietarren esanetan, "Toxicowatch gure proiektu honetan inbolukratuta izateak proiekzio eta fidagarritasun zientifiko internazionala ziurtatzen dio proiektuari, mundu mailako punta puntako ikerketen parean jarriaz proiektu hau". Holandako gobernuak bertako erraustegi baten kutsadura legezko mailen azpitik zebilela esan izana gezurtatu ahal izan zuen. Inguruko oilategiak ikertu "eta frogatu zuen hori ez zela egia, eta emisioak inguruak kutsatzen ari zirela, une batzuetan legeak esandako mailetatik askoz gorago".
Holandakoarekin batera, "Eusko Jaurlaritzak akreditatutako Euskal Herriko enpresa bat" ariko da azterlan honetan. Batak zein besteak izango dituen zereginak ere aurkeztu dizkigute. "Toxicowatch fundazioak ikertuko ditu, batetik lurra eta bestetik bioakumulazioko fenomenoak izan ditzaketen zuhaixkak edo zuhaitz formako landareak eta arrautzak metodo zientifikoa jarraituz". Euskal Herriko enpresak "metal astunen azterketa eta jarraipena egingo du".
Proiektuaren gardentasuna defendatu dute zubietarrek. "Prozedura ahal den zientifiko eta aseptikoenarekin ikerketa honen fase guztietan gardentasuna bermatuko dugu. Emaitzak eskuragarri egingo dizkiogu herritarriei, bertako interesatuentzako eta baita nazioarteko komunitate zientifiko osorako. Hedabideetan publikatuko ditugu emaitzak, eta beharrezkoa ikusiko balitz, nazioarteko publikazio zientifikoetan ere argitaratuko dugu", iragarri dute.
Autodefentsarako ekintza
Ekimen hau autodefentsa ekintza gisa definitu dute. "Oso garrantzitsua da lehen pauso hau eta dagoeneko lotuta daude azterketak egingo ditugun oilategiak, lurra eta landaredia. Gure datu propioak gure esku izatea, ametsgaizto honen aurkako autodefentsa neurri gisa planteatzen dugu", adierazi dute zubietarrek.
Presazko ekintza da honakoa, gaur azaldu dutenez. "Ikerketa ongi abiarazteko garrantzia handikoa da lehen neurketak preoperazio fasean egitea, hau da, erraustegia martxan jarri baino lehenago. Horri esker, hurrengo urteekiko emaitzekin konparatzeko aukera izango dugu. Hortik dator gure presa proiektu hau lehenbailehen abiaraztekoa", argitu dute. Horregatik, laginak hartzera etorriko dira zientzialariak datozen asteotan.