Zubietako erraustegia

Erraustegiaren aurkako giza katea, Kontxako estropaden azken jardunaldian

"Errausketa=klima aldaketa" aldarripean deitu dute Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta eragile gehiagok, igandean (irailak 8) 11:30etan Donostiako Kontxa hondartzan. Mezu argi honekin: "Ez dugu etsiko: planeta bizigarri baten alde gaude eta horregatik ezin dugu onartu erraustegia".

Aurtengoa berezia, deitzaileek nabarmendu bezala, "egoera berri baten aurrean aurkitzen gara" eta. Zubietako erraustegia eraikia eta martxan jartzear. "Ez dugu etsiko" ordea, nabarmentzen dute, eta horretarako deitu dute igandeko giza-katea, erraustegia geratzeko. 

Eragile sozial eta politiko anitzen babesa jaso du hitzorduak: Alternatiba, EHBildu, Equo, Sortu, Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, CCOO, EHNE, LAB...

Segidan dituzue xehetasunak:

ERRAUSKETAREN AURKAKO GIZA-KATEA
Eguna:
irailak 8, igandea.
Ordua:
11:30.
Tokia: Donostiako Alderdi Ederren, Kontxa hondartzara jaisteko arrapala.
Zehaztasunak: "Errausketa=klima aldaketa" aldarripean, giza katea deitu dute Donostiako Kontxan, estropaden bigarren jardunaldi egunean. 
Deitzaileak: Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Mugimendua eta Donostia Bizirik.


OHARRA
Aurreko urte askotan bezala Errausketaren Aurkako Mugimenduak, talde politiko, ekologista, sindikatu eta abarren laguntzaz, giza katea antolatu du irailaren 8an goizeko 11:30ean Kontxako hondartzan.

Aurtengoan egoera berri baten aurrean aurkitzen gara: Donostiako erraustegia eraikita dago eta edozein egunetan hasiko da zaborra erretzen. Honek ez du aldatuko gure borroka eta aldarrikapena berbera izango da: erraustegia gelditu. 2018an Gipuzkoan sortutako errefusa erraustegiak erre dezakeenaren erdia izan da gutxi gorabehera eta gutxitzeko joerarekin jarraitzen du urtez urte. Galdera zuzena doakie gure agintariei eta erraustegia kudeatuko duen Urbaser enpresa txinatarrari: nola osatuko duzue eraikitako monstruoa elikatzeko beharrezkoa den zaborra? Zaborra inportatzen hasiko al zarete Europako hainbat erraustegiek egiten duten moduan?

Erraustegiak zabor gehiago behar du erre ahal izateko, nahiz eta Donostiak egiten duen ekarpena ikaragarria izan: 2018an Donostia izan zen biztanleko errefus gehien sortu zuen Gipuzkoako herria (288 kg), beste herri gehienek 100 kg biztanleko sortu zuten bitartean eta bataz bestekoa 160 kg izan zenean. Donostiako Udalak duen jarrera salatu behar dugu, azken lau urteetan ez baitu ezer egin egoera nazkagarri hau aldatzeko; baina ulergarria da haien ikuspegitik: Donostiak bakarrik erraustegiak behar duen erregaiaren zati handiena sortzen du eta Gipuzkoa beste herri gehienen bidea jarraituz gero, are eta larriagoa litzateke erretzeko zabor eskasia. Donostiak erraustegia behar du eta erraustegiak Donostia behar du!

Askotan hitz egin dugu erraustegiak airea eta lurra kutsatuko dizkigula, gaixotasunak sortuko dituela... Gaurkoan erraustegiak isuritako gasek klima aldaketan izango duten eragina azpimarratu nahi dugu. Erraustegian erretako zabor kilo bakoitzeko gutxi gorabehera kilo bat CO2 sortuko da eta erraustegiak urtean isuriko dituen nitrogeno oxido kopurua 150.000 turismo dieselek, bakoitzak 10.000 km eginez aireraturikoaren parekoa izango da. Gogoratu hauek direla, metanoarekin batera, gure planeta galbidera daramaten gas kaltegarrienak. Ikuspegi honetatik ere erraustegia izango da Gipuzkoako enpresa kutsagarrienetakoa, klima aldaketa areagotzen gehien lagunduko duena.

Gure agintariei klimari buruzko hitz potoloez gain, benetako neurriak ezartzea eskatzen diegu, eta neurri hauek ekonomia zirkularraren bidetik pasa behar dute nahita ez: murriztu (batez ere plastikoen erabilpena), berrerabili, birziklatu, konpostatu eta geratzen den errefusa egonkortu ondoren zabortegira bidali.

Gure seme-alabentzat, gure bilobentzat planeta bizigarria nahi baldin badugu, ezin dugu biharko utzi. Berehala hasi behar dugu gure ohiturak aldatzen eta politikari eta agintariei eskatzen utz dezatela alde batera negozioen bidea eta etorkizun jasangarri baten alde jar ditzatela bitartekoak.

Ez dugu etsiko: planeta bizigarri baten alde gaude eta horregatik ezin dugu onartu erraustegia.

Alternatiba, EHBildu, Equo, Sortu, Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, CCOO, EHNE, LAB...