Asier Azpiroz: “Bertsoarekin dudan joan-etorriko lotura honetan, ‘etorriko’ garaia da txapelketa”

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 20a, 11:49

Alamandegin ipini dugu hitzordua. Gu baino lehen iritsi da gonbidatua. Urrutitik sumatu dugu bera dela. Kanpoko petrilean eserita dago. Bizikleta alboan du. Lasai. NOAUA!koen zain. Larunbat arratsaldean ordea, beste aldarte batean izango da ziurrenik. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako fokoen argitan. Gaiak, hitzak eta doinuak ondo josi nahian.

 

NOAUA! Ordiziako final zortzirenetan arituko zara larunbat honetan. Prest, urduri, gogotsu... Aldarte onean harrapatu al zaitu?

Asier Azpiroz. Gogotsu eta prest. Lau urtez behin egiten da eta hau hirugarren txapelketa dut. Lehenengotik hona erabat aldatu zait aldartea. Lehen txapelketan ilusio handia nuen. Gazte ginen eta dezente aritu ginen txapelketa prestatzen. Bigarrengoa oso serio hartu nuen. Azken lau urteotan ordea, lan arrazoiak medio, bertso mundutik aldendu samar ibili naiz bolada batzuetan.

 

Eta une honetan, nola bizi duzu txapelketa?

Traszendentzia askoz gutxiago ematen diot orain. Txapelketaren aitzakian, bertso eskolan aritu naiz eta aspaldian egin gabe nituen saio batzuk ere egin ditut. Gogotsu nago. Kantukideak ere egokiak dira.

 

Zein bertso-eskoletan aritzen zara?

Lasarte-Orian eta Hernanin ibili izan naiz. Lagun artean ere bildu gara. Arratsaldean (irailaren 16an) gaztelumenditarrekin biltzekoa naiz. Eta tarteka, etxean bertan idazten aritu naiz. Bakarkako gaietarako bereziki, bertsoa atentzio gehiagorekin egitea gustatzen zait.

 

Txapelketaren zurrunbiloan, erraza al da hitzak eta doinuak txirikordatzea?

Beti esaten dut: txapelketa da kantatzeko dagoen tokirik errazena. Megafonia ona jendea zu entzuteko, gaiak ere bataz bestekotik gorakoak... Hortik aurrera, zuk zure buruari edo zure egoari eskatzen diozuna.

Zu eliminatu edo ez eliminatu, hori ez da inportantea. Ez zuretzat ez bertsolaritzarentzat. Baina laster ala berandu, egoa agertuko da eta saiatzeko eskatuko dizu. Lasai nago hala ere, eta gogoz.

 

“Ofizioetako saioetan ibiltzen naiz erosoen”

NOAUA! Prestaketa lan berezirik egin al duzu?

Asier Azpiroz. Plazan bertsotan ibili ohi denarentzat garai berezia da. Dudarik gabe. Plazakoak libreko saioak izaten dira askotan, gairik gabekoak. Eta txapelketak aldiz, gai bati hiru bertso abestea eskatzen dizu. Bakarka, binaka... Dinamika ezberdina da.

Gu bezalakoentzat, plazan asko ez gabiltzanontzat, prestaketa berezia baino prestaketa eskatzen du. Nik eta nire inguruko askok boladaka funtzionatzen dugu. Astero biltzeko ohitura ez dugu eta txapelketa etortzen denean ohitura hori hartzen dugu. Bizpahiru hilabete lehenago  hasten gara txapelketako dinamikan murgiltzen.

 

8ko nagusia, 8ko txikia, 10eko txikia, puntuari erantzun, kartzela... Zein da gustukoen duzun lana?

Ez dakit esaten. Txapelketan badirudi oso markatuta dagoela dena. 8ko handian serio egin behar da; 8ko txikian umorea baino txorakeria; puntu-erantzunetan kolpea; 10eko txikian sakona, bakarkakoan are sakonagoa... Ofizioetako saioetan ibiltzen naiz akaso erosoen, baina puntuka eta bakarka ere gustura aritzen naiz.

 

Saio eguna gerturatu ahala, gero eta beldur gehiago

NOAUA! Ainhoa Agirreazaldegi, Aitor Urbieta, Ane Zuazubiskar, Beñat Lizaso eta Manex Mujikarekin batera arituko zara kantari. Pozik egokitu zaizun taldearekin?

Asier Azpiroz. Bai. Orekatuta geratu dela esango nuke. Gurean gainera, bi neska daude. Txapelketan izugarrizko desproportzioa dago. Sailkapen fasean hala zen eta orain ere hala da. Saio asko dira sei gizonek osatuak.

 

Eta bertsotarako, taldekide onak al dira?

Beñat Lizaso, Ainhoa Agirreazaldegi eta Manex Mujika beteranoagoak dira eta maila ona dute. Aitor eta ni tartean gaude eta Ane gaztea da, baina oso ondo ikusten dut. Talde polita dela uste dut.

 

Txapelketen inguruan giro berezia sortzen da. Barrutik beste modu batean biziko duzue, noski. Gustuko al duzu txapelketa garaia?

Gustuko dut. Bertsoarekin joan-etorriko lotura honetan, ‘etorriko’ garaia izaten delako. Entrenatzeko biltzen gara lagunekin, zure burua horretara jartzen duzu... Egia da txapelketa garaian mikro-mundu bat sortzen dela bertso-mundu barruan. Eta dena ez da dirudien bezain polita. Puntua dela eta ez dela, inbidiarik ere bada. Baina orokorrean gustuko dut.

 

Maila pertsonalean, nola bizi duzu txapelketa berri bat?

Saio eguna gerturatu ahala, gero eta beldur gehiago sentitzen dut. 20 urterekin galtzekorik ez nuen. Orain, 28 urterekin, txapelketan izena eman baduzu zure buruari zerbait eskatu behar diozu. Errimatzearekin ez da nahikoa. Mundu ikuskeran, bertsotan aritzeko moduan... Erakutsi behar da zer edozer bazarela bertsogintzan.

 

Txapelketetako saioa ez da plazako berbera. Konpetitibitatea sartzen da jokoan. Zuk osagai hau nola bizi duzu?

Zabalkundeari begira, txapelketak mesede handia egiten dio bertsolaritzari. Baina bertsoa egiteko moduari mesede txikia egiten diola esango nuke. Ezberdin egiten dugu bertsotan. Plazan funtzionatzen ez duen bertsoak txapelketan funtzionatu dezake. Gainera, lehiakortasunak eraginda, hunkitzera jotzen dugu edo malko erraza bilatu izan dugu. Horregatik iruditzen zait txapelketa eta bertsoa nahikoa antagonista direla berez. Hala ere, bertsoaren zabalkundeari begira txapelketak mesederako dira. Ez dago zalantzarik.

 

Faborito nagusiak

Hasi besterik ez da egin baina faborito nagusirik ba al duzu?

Beñat Gaztelumendi. Alaia Martin eta Agin Laburu ere hortxe ikusten ditut, beste guztien gainetik koska bat gorago. Oihana Iguaran, Iñaki Apalategi eta Jon Maia ere, finalean seguru samar ikusten ditut. Beste bi toki leudeke libre. Gustatuko litzaidake gazteren bat hor ikustea. Gure belaunaldikoei edota bertsolari gazteagoei dezente kosta zaigu hor sartzea eta gustatuko litzaidake errelebo bat ematea. Bertsoarentzat ere ona izango litzatekeela uste dut.