Zubietako erraustegia

Erraustegiaren kutsagaien inguruko ikerketa diruz laguntzeko mahaia jarriko du gaur Zubieta Lantzenek

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 26a, 09:50

Ostegun arratsalde honetan (irailak 26), 17:00-18:30 artean Zubietako eliza inguruan jartzekoa da laguntza biltzeko mahaia. Erraustegiaren inguruko kutsagaiak neurtzeko ikerlana finantzatzen laguntzea du xede hitzorduak. 

Herritar nahiz eragileak ekarpenak egitera animatzen dituzte, ezinbestekoa izango baita ikerketarekin aurrera jarraitzeko. Hemen laguntzeko bideak:
-Errausketaren Aurkako Mugimenduak crowdfunding kanpaina abiatu berri du. Hemen xehetasunak: vkm.is/erraustegiarenkontrola
-Zubieta Lantzen elkartearen kontu zenbakia: ES45 2095 5069 06 1064132086.
-Laguntza biltzeko mahaia jarriko du Zubieta Lantzenek Zubietako plazan (Eliza inguruan):
Irailak 26, osteguna:, 17:00-18:30.
Urriak 5, larunbata.
Oharra: hauek oraingoz zehaztuak dauden lehen hitzorduak.



Zubietaren defentsan
“Nola egongo gara lasai?” galdetzen zuen Zubieta Lantzenek, erraustegiaren kutsagaien inguruan abiatzear zuten azterlan zientifiko independentea aurkezteko hilabete hasieran errebote plazan egin zuten agerraldian.

Zubietara datorkienak eragiten dien kezka eta lasaitasun falta horren aurrean autodefentsa ekimen gisa aurkeztu zuten herri gainean piztear dieten erraustegiaren inguruko azterlana. Ikerlanaz, datorkienaz aritzeko zubietarrekin bildu nahi izan zuen joan den irailaren 20ean Zubieta Lantzenek. Argi zioten, “etorkizunerako prestatu beharra dugu”.

2007an sortu zuten bilgunea, Zubietan kultur eta kirol jarduerak sustatzeko, herri bizitza bultzatze aldera. Baina beste xede batekin baita, aurreko asteko Kaxkapeko bilkuran gogorarazi zutenez; ingurumenaren eta “Zubietaren defentsarako” sortu zuten baita Zubieta Lantzen. Ordurako Zubieta erraustegiaren mehatxupean zen.

Urte batzuetan kirol edota kultur jardueretan murgilduak egon ostean, nolabait esatearren, herrigintzaren lehen lerrora itzuli da herri elkartea, erraustegiaren kutsagaiak neurtzeko ikerketarekin. Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Mugimenduaren baitan txertatua dago gainera bilgunea. Mugimenduaren erabaki eta dinamiketan parte hartu, informazioa gizarteratu eta ekintzak antolatzen dihardute.

Erraustegiaren “kontrol ez gubernamentala”
Asteotan eman duten urrats hau, erraustegiaren inguruko ikerketaren nondik norakoak azaldu nahi izan zizkieten zubietarrei Kaxkapeko herri bileran. Errausketaren Aurkako Mugimenduaren helburu nagusiari uko egin gabe, “erraustegia ez piztea, edo pizten badute segituan geldiaraztea”, Zubieta Lantzenek gai honen inguruko beste ertz bati heldu nahi izan dio egitasmo honekin. Gipuzkoako Foru Aldundia legez erraustegiaren inguruko jarraipen plan bat egitera, besteak beste, tximiniatik isuriko denak ingurumenean eta ingurukoengan eraginik izango ez duela bermatzeko plan bat garatzera behartua dago. “Guk dakigula ez dute laginik hartu, erraustegia martxan jartzera doazela esaten ari direnean”, Zubieta Lantzeneko ordezkariek azpimarratzen dutenez.

Erakundeek egin ez duten hori egitea erabaki du aipatu elkarte zubietarrak; “gure gain hartzea ikerketa”. Helburu argi batekin, “erraustegiak kutsatuko duen horren jakitun izateko”. Autodefentsa gisa definitzen duten ekimen honen izaera berritzailea nabarmentzen dute Zubieta Lantzenetik. “Halako ekimen bat herritar talde batek abiatzea” ez baita ohikoa. Horregatik diote, erraustegiaren “kontrol ez gubernamentala emango da”.

Borrokarako tresna berria
Argi utzi nahi dute: ekimen hau ez dute abiarazi erraustegia piztear egon daitekeen honetan, “etsi dugulako. Borrokan segi eta erraustegia geldiarazteko baliatu dezakegun tresna bat bezala baizik”.

Aipatu moduan Eusko Jaurlaritzak akreditaturiko bertako enpresa bat (metal astunen jarraipena egingo du) eta Holandako Toxicowatch fundazio prestigiotsua (dioxinak ikertzen espezializatuak) kontratatu dituzte. Berriki erraustegiaren bueltan diren herrietan laginak hartzen aritu ziren Toxicowatch-eko bi zientzialari holandar. Oiloak, arrautzak, landaredia ikertzen aritu dira. “Arrautzen bidez neurtuko da dioxina eta furanoen maila”, Zubieta Lantzenen esanetan. Hain zuzen, ohartarazten dutenez, erraustegiek isuritako kutsagaiak lurrera isurtzen dira. “Lurrean pilatzen doaz, ez dira desagertzen”.

Ikerketan parte hartzeko zubietarren prestasuna ezinhobea izan dela azpimarratu zuten Kaxkapen, eta jendartearen aldetik ikerketa bera positiboki baloratu dela. “Jende guztiak eskuzabalik hartu gaitu”, ikerketarako oilategiak eskainiz.

Laguntza emateko deia
Asteotan Holandako zientzialariek eginiko datu bilketarekin txosten bat osatuko dute. Prozesua gardena izango dela bermatzen du Zubieta Lantzenek. Bildutako emaitzak plazaratuko dituzte, beharrezkoa balitz baita zientzia gaiak jorratzen dituzten aldizkarietan.

Ez dute argi, laginak berriz noiz hartuko dituzten. “Epeak ezin dira aurreikusi”, dio Zubieta Lantzenek. Hainbat faktoreren baitan zehaztuko dira epeok. Giltzarria izango da erraustegia noiz piztuko duten, eta hortik aurrera noiz izango den egokia lagin berriak hartzea. Tarte horretan finantziazioa eskuratzea ere ezinbestekoa izango da.

Asteotan egindako datu bilketa eta horrekin erredaktatuko den txostenak eragindako gastu handia ordaintzeko laguntza bilketa kanpaina abiarazi du Zubieta Lantzenek eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak ere crowdfunding kanpaina abiatuko du egunotan. “Norbanako zein eragileek eman ahalko dute laguntza”, iragarri du Zubieta Lantzenek.

Elkarteak ateak zabalik ditu partaide berrientzat.

Erraustegiaren inguruko ikerketa, hurrengo urratsak
-Lehen lagin bilketa egin dute.
-Datu bilketarekin, argitara emango den txosten bat erredaktatuko da.
-Gaurkoz, zehazteke dago noiz egingo den hurrengo lagin bilketa.

Zubietara datorrena:
-Erraustegia probaldi fasean martxan jar dezakete urria erdialdetik aurrera.
-Urte amaierarako azpiegitura guztiak funtzionamendu betean izatea aurreikusten du Foru Aldundiak.