Hondakinen errausketa klima aldaketan sakontzea dela aldarrikatu dute, mundu mailako greba egunean

Klimaren aldeko mundu mailako grebaren baitan, manifestazioak deitu ziren hiriburuetan ostiral arratsaldean. Donostiakoa errausketaren aurkakoa ere izan zen. Milaka lagunek parte hartu zuten.

Horrela segiz gero datorkigun etorkizun ilun eta suntsigarriaz ohartaraziz, baina muturreko egoera horretara heldu aurretik zer egina badugula gogorarazi nahi izan zuten, Fridays For Future mugimenduak ostiral arratsaldean Donostian deitutako manifestaziora batu ziren milaka herritar eta eragile anitzek. 

Klima larrialdi egoera berehala izendatzeko eskera, ama lurra sutan dugula oroitarazten zuten aldarriak eta B planetarik ez dugula ohartarazten ziguten oihu eta kartelak... Alderdi Ederretik abiatu eta Easo plazan amaitu zen manifestazioan zehar, hainbatetan gelditu ziren une batzuetan eserialdiak egiteko, baina batez ere egungo egoerarekiko haserrea adierazi eta agintariei berehalako neurriak hartzea exijitzeko.

Gazte belaunaldiak hartu zuen manifestazioaren gidaritza eta aldaketa klimatikoaren aurkako Fridays For Future mugimenduarena. Baina belaunaldi guztietako herritarrak zituzten jarratzaileen artean. Donostian bezala, Euskal Herrian eta mundu osoko hiriburuetan mobilizazioak izan ziren atzo. Gogoan izan, klimaren aldeko eta klima aldaketaren aurkako mundu mailako greba eguna zen ostiralekoa.

Mobilizazio hauetara batu ziren baita, sindikatu, alderdi politiko edota talde ekologistak. Donostiaren kasuan, errausketaren aurkako eragileak baita. Manifestazioan pankarta propioarekin parte hartu zuen. Leloak argi zioen; "hondakinen errausketa berdin aldaketa klimatikoa. Lotsagarria". Pankartaz gain, errausketaren aurkako banderolekin parte hartu zuten hainbat lagunek manifestazioan. Klimaren eta ama lurraren aldeko manifestazioa Zubietako eta gainerako erraustegien aurkakoan bilakatu zen atzo.