Erraustegia ez piztea eskatu zioten, klimaren alde manifestatzen ari zen ingurumeneko foru diputatuari

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 28a, 13:07

Klimaren aldeko manifestazioan parte hartu zutenen artean zen, manifestazioa abiatu baino ordu batzuk lehenago hedabide bati erraustegia eta klimaren aurkako borroka bateragarria zela baieztatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensio. Errausketaren aurkako oihu artean hartu zuten Donostiako mobilizazioan. Zubietako erraustegia ez piztea eskatu zioten.

Fridays For Future mugimenduak deitu eta eragile anitzek babestu zuten ostiraleko klimaren aldeko greba eguneko manifestazioan Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkarietako batek parte hartu zuen; Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatua. Errausketaren aurkako oihu eta aldarri artean hartu zuten manifestariek Aldundiko ordezkari politikoa. 

Hondakinak erraustea aldaketa klimatikoan sakontzea dela gogorarazi zioten. Asensio bera kide duen Foru Aldundiak bultzatu eta eraikitako Zubietako erraustegia ez piztea eskatu zioten.

Gogoan izan, manifestazioa Alderdi Ederretik abiatu zen, handik Bulebarrera sartu zen. Bulebarreko ibilbidea errausketaren aurkako aldarri eta banderolen artean egin zuen Asensiok. Bulebarreko bidea eginda, manifestaziotik irtetea erabaki zuen foru diputatuak.

"Erraustegia bateragarria da klima aldaketaren aurkako borrokarekin"
Manifestazioa baino ordu batzuk lehenago, klimaren aldeko mundu mailako greba egunean Irutxuloko Hitzari eskainitako elkarrizketan, erraustegia klima aldaketaren aurkako borrokarekin bateragarria zela defendatu zuen ingurumeneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok. "Erraustegia bateragarria da klima aldaketaren aurkako borrokarekin", Asensioren hitzetan.

Irutxuloko Hitzak Asensiori eginiko elkarrizketa ondoko esteka honetan irakurri dezakezue osorik: Irutxuloko Hitza