Zubietako hitzarmenaren inguruko herri bilera urriaren 10ean

Zubietako Garbigunea. Irudiaren egilea: Usurbilgo Udala.

Zubietako zerbitzuetara zenbait berrikuntza dakartzan hitzarmena adostu zuten joan den martxoan Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbil zein Donostiako Udalek. Aldaketok urriaren 21ean jarriko dituzte indarrean. Xehetasunak urriaren 10erako deitu duten herri bilera bidez emango dituzte hitzarmenaren sustatzaileek.

Zubietako Herri Batzarrak, Usurbilgo Udalak eta Donostiako Udalak martxoan adostu zuten hitzarmenaren nondik norakoen berri emateko herri bilera deitu dute hiru erakundeek urriaren 10ean, arratsaldeko 19:00etan Zubietako Kaxkapen. Hitzarmen honi esker, urriaren 21etik aurrera Zubieta osoko hondakinak Usurbilgo Udalak bilduko dituela ohartarazi du Udalak berak. Ondorioz, “Irigoien kaleko eta Errota bideko edukiontziak kendu eta, horien ordez, Etarte eta Barazarren eraiki berri dituzten Garbitxikiak erabili ahal izango dira”, iragarri du Udalak. Guneok erabiltzeko giltza beharko da eta giltza eskuratzeko aukera desberdinen berri eman du Udalak:
-Urriaren 18an, 16:00-19:00 artean Kaxkapen.
-Urriaren 19an, 11:00-13:00 artean Kaxkapen.
-Usurbilgo Udaleko Atez Ateko bulegoan, ohiko ordutegian.

Donostiako lurretan bizi diren zubietarrei, Udalak berri eman duenez, “hondakinak atez ate biltzerik nahi ote duten edo ez galdetuko diete”. Hitzarmenak ere aldaketa gehiago dakartza Zubietako zerbitzuetara. “Bi aldaketa nagusiak ur zerbitzuari eta hondakinen bilketari lotutakoak dira. Ur zerbitzuari dagokionez, Zubietako kaxkoa Añarbeko urarekin hornituko dute, eta Learritza pasealekuko eraikinak, Usurbilgo urarekin”, ohartarazi du Udalak. Tasei buruzko beste ohar bat. “Aurrerantzean, zubietarrek dagozkien tasak - ura, hondakinak eta bestelakoak – beren udalerrian ordainduko dituzte, nahiz eta zerbitzua beste udalerriak eman”. Aldaketa guztiok urriaren 21etik aurrera izango dira indarrean Zubietan.