Zubietako erraustegia

Zubietako erraustegiaren kutsagaiak eta klima aldaketa, Gipuzkoako Batzar Nagusietako eztabaidagaiak egunotan

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 3a, 17:08

Pil-pilean da klima aldaketaren gaia eta bizi asko baita hondakinen errausketarena. Biak Gipuzkoako Batzar Nagusietan egunotarako iragarri diren saio ezberdinetako eztabaidagaiak izango dira.

Fridays For Future ikasleen mugimenduak klimaren alde irailaren 27an deitutako mundu mailako greba egunaren baitan, hainbat manifestazio antolatu zituen; haietako bat Donostian. Errausketaren aurkako eragile anitzek bat egin zuten deialdiarekin. "Hondakinen errausketa berdin aldaketa klimatikoa. Lotsagarria" zioen pankartak bildu zituen mobilizazio hartan. 

Beste behin argi utzi zuten, hondakinak erraustea klima aldaketan sakontzea dela. Biak, klima aldaketaren aurkako borroka eta sustatzaileen esanetan, urria erdialdera piztu dezaketen Zubietako erraustegiaren gaia Gipuzkoako Batzar Nagusietara helduko dira egunotan. 

"Larrialdi klimatikoa" izendatzeko eskaera baztertua
Ostiralean egingo duten batzordeetako batean, Elkarrekin Podemos taldeak klima aldaketaren aurkako borrokan Gipuzkoaren zeregina aztertu eta hausnartuko duen ponentzia bat sortzeko eskaera aurkeztuko du. Datorren asteazkenerako (urriak 9) deitua duten osoko bilkuran bestalde, EHBilduk Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Markel Olanori zuzenduriko interpelazioa iragarri du. Interpelazioaren gaia; Zubietako erraustegiak sortuko dituen errautsak izango dira.

Duela aste gutxi, irailaren 18an Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, "Klima Larrialdiari behar besteko arreta ipini eta dagozkion neurriak" hartzea eskatzeko ebazpen-proposamena aurkeztu zuen EHBilduk. Klima Larrialdi egoera deklaratzea eskatzen zioten Batzar Nagusiei; karbonogabetze prozesua 2040. urtera aurreratzeko politikak abiatzea; eremu honetan politika eraginkorrak garatzera konprometitzea; irailaren 27ko mundu mailako klimaren aldeko grebarekin bat egitea; edota besteak beste, "Berotegi Efektuzko Gasen gehiegizko isuria egiten duten jarduera edo azpiegiturarik atzeman ezkero, jarduera edo azpiegitura horiek birplanteatzeko konpromisoa hartzeko". Tartean noski, Zubietako erraustegia birplanteatzea galdegin zuten. EHBilduk Elkarrekin Podemosekin adosturikoa zen proposamena hau ez zen onartua izan eta "larrialdi klimatikoa" izendatzea alboratu zuten Foru Aldundian agintean diren EAJ-k eta PSOE-k.

GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIETAKO DATOZEN BILKURAK
Urriak 4, ostirala
11:30 Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Batzordearen bilkura:
-4. gaia: "Eskaera, Araudiko 43. artikuluan eta hurrengoetan oinarrituta, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Batzordean ponentzia bat sortzeko, klima-aldaketaren aurkako borrokan lurraldearen zeregina zein den jakin, aztertu eta hausnartzeko, Elkarrekin Gipuzkoa batzarkide-taldeko Maria Valiente andreak aurkeztua".

Urriak 9, asteazkena
9:30 Osoko bilkura: 
-4. gaia: "Interpelazioa, diputatu nagusiari zuzendua, Zubietako erraustegiak sortuko dituen errautsei buruz, EH Bildu batzarkide-taldeko Juan Karlos Izagirre jaunak aurkeztua".

Oharra: bi saioak streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera izango da Gipuzkoako Batzar Nagusietako web orrialdearen bidez. Helbide honetatik: http://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DJGPortalWEB/streaming.jsp

Informazio gehiago hemen: Gipuzkoako Batzar Nagusiak