Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ostegun honetan eginiko asanbladan, Gipuzkoako hondakinak tratatzeko Bizkaiarekin duen hitzarmena luzatzea erabaki du, Zubietako azpiegiturak martxan jarri arte eta Mutiloako zabortegia azaroa amaieran beteko dela aurreikusten baitu GHK-k. Hitzarmen luzatzea, 2020ra artekoa da. Modu honetan, Zubietako azpiegiturek probaldi fasea igaro eta martxan jarri arte, Gipuzkoak hondakinen ehuneko ehuna tratatua izango duela bermatu nahi dute.
Asanblada berak gainera, Zubieta gaineko azpiegituren bigarren faseko lanak hiru hilabetez luzatzea onetsi du. "Luzapen horren arrazoiak dira, alde batetik, desegokien eduki ertain eta goreneko parametroak aldatzea, biometanizazio plantaren igeniaritza hobekuntzak medio. Horrela, aurreikusitako %5etik %10era igarotzea ziurtatuko da eta baita energia sortzeko gaitasuna ere", GHK-k web orrialde bidez ohartarazi duenez.
Lapatxen itxiera
Azpeitiko Lapatxeko konpostatze planta ixtea onartu du baita GHK-k gaurko asanbladan. GHK-ren esanetan ekainaz geroztik jarduna etena zuen aipatu plantak. Antza konpostatze prozesurako baliaturiko teknologiak isuritako usaina murrizteko azpiegitura moldatu beharra zegoen. Baina Kontsortzioak eskatutako txosten tekniko eta ekonomikoen arabera, beste kudeaketa alternatiboak baino %223 garestiagoa litzateke usaina gutxitzeko berrikuntza lanak bideratzea.
Lapatxeko planta itxi arren, Kontsortzioarentzat Gipuzkoak aski izango du, urtean 10.000 tona biohondakin tratatzeko gaitasuna duen Epeleko plantarekin eta urtean 40.000 tona biohondakin tratatzeko gaitasuna izango duen Zubietan eraikitako biometanizazio plantarekin.