Zubieta Lantzenen mahaia larunbatean, erraustegiaren ikerketa independenterako laguntza biltzeko

Erraustegiaren kutsadura kontrolatzeko Zubieta Lantzenek abian duen ikerlanerako laguntza behar dute. Dagoeneko 5.000 euro bildu badituzte ere, 13.000 eurotara heldu behar dute. Laguntza emateko hiru bide daude; haietako bat, Zubieta Lantzenek larunbat arratsalde honetan Zubietan jarriko duen mahaira gerturatuta.

Batetik, crowdfunding kanpaina martxan du Errausketaren Aurkako Mugimenduak sarean. Bestalde, Zubieta Lantzenek kontu zenbaki bat zabaldu eta laguntzeko biltzeko mahaia plazara ateratzen hasia da. Diru ekarpenak bideotatik egin daitezke honenbestez:
vkm.is/erraustegiarenkontrola
-Zubieta Lantzen elkartearen kontu zenbakia: ES45 2095 5069 06 1064132086.
-Urriak 5, larunbata, 17:30-19:30 artean, Zubieta Lantzenen mahaia Zubietako plazan.

13.000 euro behar
Zubieta Lantzenen ikerlana babestu eta finantzaketan lagunduko zuela iragarri zuen Errausketaren Aurkako Mugimenduak, jada martxan duen "crowdfounding" kanpainaren bidez. Guztion elkartasuna biltzeko ekimena da, "norbanako eta eragileei zuzendua, herritarrok kutsadurari buruzko gure datu zientifikoak gure eskuetan izan ditzagun".

Horretarako, irailaren 24tik zenbatzen hasita, 40 egun daude. Tarte honetan, 13.000 euroko laguntza bildu nahi du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. "Jasoko dugun diru guztia bi enpresa hauei beren lana ordaintzeko baliatuko dugu. Nazioartetik zientzialariak Euskal Herrira ekarri, laginak hartzeko estantzia ordaindu eta batez ere, gerora beren herrialdean analitika egiteak kostu hau du", berri eman du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. 

Diru gehiago jasoko balute, "mugimendu gisa buruan ditugun ekimen batzuk prestatu eta finantzatzeko bideratuko genituzke. Beti ere, erraustegia gelditzea helburu izango duten ekimenak".

Erraustegia pizten badute, ikerketak urtero
Norbanako nahiz eragileek egin ditzaketen diru ekarpenei esker, "sari nagusia gizarteari egingo diogu denon artean, kutsadurari buruzko datuak modu gardenean jakinaraziko baititugu, eta erraustegia pizten badute, urtero-urtero egingo baititugu kutsadura ikerketak. Erraustegiek askatzen dituzten kutsadurak akumulatzaileak dira, hau da, izaki bizidunek jaten badituzte pilatzen joaten direla eta ezin direla kanporatu, horrenbestez, urtez urte kutsadura igotzen nola joango den ikusiko dugu". 

Horrekin batera, etxeko leiho nahiz balkoietan banderolak opari jasoko dira, "baita, ikerketa independentearen babesle gisa agertzeko aukera eman ere".

Ariketa hau, "autodefentsa neurri" gisa definitzen du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. " Lagundu crowdfounding kanpaina babesten!", deitu dute.

Urtea amaitzerako Gipuzkoako Foru Aldundiak piztu nahi duen erraustegiaren kutsagaien inguruko kontrol independentea egingo zuela iragarri zuen Zubieta Lantzenek hilabete hasieran. Erraustegia laster martxan jarri dezaketenez, aurretik laginak hartu nahi zituzten, gerora behin aipatu planta martxan jarrita, alderaketak egiteko. 

Egitasmo honetarako gogoan izan, Holandako Toxicowatch fundazioa eta Eusko Jaurlaritzak akreditaturiko Euskal Herriko enpresa bat kontratatu ditu Zubieta Lantzenek. Holandatik bi zientzialari izan ziren duela bi aste gure artean laginak hartzen. Lehenbizi Zubietako oilategi batean, "arrautzak, oiloek jaten duten pentsua, belarra, lurra eta inguruko goroldioa kutsadura aztertzeko". Baina "Zubieta herrian, Añorgan, Donostian, Usurbilen, Lasarten, Urnietan, Hernanin, Andoainen eta Zubietan, Realak entrenatzen duen lekutik eta ondoan dagoen Landaberri ikastolatik hurbil" ere laginak hartzekoak zituzten.

Datuokin txostena osatu eta hilabete gutxi barru emaitzak ezagutzera emango dituzte. Emaitzok erraustegia piztu aurreko egoera erakutsiko dute. 

Informazio gehiago:

https://www.verkami.com/locale/eu/projects/24685-erraustegiaren-kutsadura-kontrol-independentea
erraustuez.org
Albiste honi atxikitako Errausketaren Aurkako Mugimenduaren bideoa.