Zubietako erraustegiaren kutsagaiak, Gipuzkoako Batzar Nagusietan hizpide gaur

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 9a, 09:26

Gipuzkoako Batzar Nagusiek asteazken honetan egingo duten osoko bilkurako aztergaietako bat izango dute, Zubietako erraustegiaren kutsagaiena. EHBilduk Ahaldun Nagusi Markel Olano interpelatuko du gai honen inguruan.

Klima aldaketa eta erraustegia egunotan hizpide dituzten gaiak dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Urriaren 4an Elkarrekin Podemos taldeak klima aldaketaren aurkako borrokan Gipuzkoaren zeregina aztertu eta hausnartuko duen ponentzia bat sortzeko eskaera aurkeztu zuen. Asteazken honetarako (urriak 9) deitua duten osoko bilkuran bestalde, EHBilduk Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Markel Olanori zuzenduriko interpelazioa iragarri du. Interpelazioaren gaia; Zubietako erraustegiak sortuko dituen errautsak izango dira.

"Larrialdi klimatikoa" izendatzeko eskaera baztertua
Duela aste gutxi, irailaren 18an Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, "Klima Larrialdiari behar besteko arreta ipini eta dagozkion neurriak" hartzea eskatzeko ebazpen-proposamena aurkeztu zuen EHBilduk. Klima Larrialdi egoera deklaratzea eskatzen zioten Batzar Nagusiei; karbonogabetze prozesua 2040. urtera aurreratzeko politikak abiatzea; eremu honetan politika eraginkorrak garatzera konprometitzea; irailaren 27ko mundu mailako klimaren aldeko grebarekin bat egitea; edota besteak beste, "Berotegi Efektuzko Gasen gehiegizko isuria egiten duten jarduera edo azpiegiturarik atzeman ezkero, jarduera edo azpiegitura horiek birplanteatzeko konpromisoa hartzeko". Tartean noski, Zubietako erraustegia birplanteatzea galdegin zuten. EHBilduk Elkarrekin Podemosekin adosturikoa zen proposamena hau ez zen onartua izan eta "larrialdi klimatikoa" izendatzea alboratu zuten Foru Aldundian agintean diren EAJ-k eta PSOE-k.

GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIETAKO DATOZEN BILKURAK
Urriak 9, asteazkena
9:30 Osoko bilkura: 
-4. gaia: "Interpelazioa, diputatu nagusiari zuzendua, Zubietako erraustegiak sortuko dituen errautsei buruz, EH Bildu batzarkide-taldeko Juan Karlos Izagirre jaunak aurkeztua".

Oharra: saioa streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera izango da Gipuzkoako Batzar Nagusietako web orrialdearen bidez. Helbide honetatik: http://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DJGPortalWEB/streaming.jsp

Informazio gehiago hemen: Gipuzkoako Batzar Nagusiak