Zubietako zenbait zerbitzuetan aldaketak gaurtik

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 21a, 09:50

Zubietarrek jasotzen dituzten zenbait zerbitzuetan aldaketak nabarmenduko dituzte gaurtik,  Herri Batzarrak Usurbil eta Donostiako Udalekin adostu eta udaberrian sinatu zuten hitzarmenean aurreikusi bezala.

Astelehen honetan (urriak 21) indarrean jarriko dira Zubietako Herri Batzarrak eta Donostia zein Usurbilgo Udalek pasa den udaberrian adostu eta sinaturiko hitzarmenean aurreikusitako aldaketak. Aldaketok zubietarrek jasotzen dituzten zenbait zerbitzuei lotutakoak dira. 

Orain arte bi udalek, Usurbilgoak eta Donostiakoak Zubietari eskaintzen zizkioten zerbitzuak koordinatu, ardurak banatu eta eraginkortzeko, zerbitzu bakoitzak nork eta nola eskainiko duen zehazten du, aurreko legealdian hiru erakundeek eginiko bilera tekniko eta politikoetatik sortu zen hitzarmenak. Hiru erakundeek lau urterako (beste lau urtez luzagarria) sinatu zuten udaberrian. Zubietan abian jarriko diren aldaketen jarraipena egiteko batzordea osatu dute aipatu hiru erakundeek.

Hondakinen bilketa Usurbilgo Udalaren esku
Aldaketa esanguratsuena hondakinen kudeaketari lotutakoa izango da. Zubietako hondakinen kudeaketaren ardura Usurbilgo Udalaren esku geratuko da astelehen honetatik, hilaren 21etik aurrera. Edukiontziak kendu eta Etarte eta Barazarreko Garbitxikiak baliatu ahalko dituzte zubietarrek. Guneok erabiltzeko giltza eskuratu beharra zegoen asteburuan Kaxkapen. Bestela, Usurbilgo Udalaren Atez Ateko Bulegoan eska daiteke. Donostia aldean bizi diren zubietarrei hondakinak atez ate biltzea nahi duten galdetuko die Usurbilgo Udalak.

Aldaketak izango dituzte zubietarrek egunerokoan jasotzen dituzten zerbitzuetan, datorren astelehenetik aurrera. Zubietako Herri Batzarrak Usurbil eta Donostiako udalekin elkarlanean landu eta udaberrian lau urterako (beste lau urtez luzagarria) sinatu zuten lankidetza hitzarmenak jasotakoa gauzatzera doaz honenbestez. 

Tasen ordainketa, nork bere udalerrian
Ur hornidurari dagokionez, Kaxkoa Añarbeko urak hornituko du, Learritza pasealekuko bizilekak Usurbilgo urak. Zerbitzuon truke ordaindu beharreko tasak nork bere udalerrian ordaindu beharko ditu, nahiz eta zerbitzua beste herriak eman.