Zubietako erraustegia

Erraustegiaren aurkako elkarretaratzea asteazkenean, Foru Aldundiaren "Naturklima" fundazioaren jardunaldietan

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 21a, 10:27

Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Naturklima" izeneko fundazioak urriaren 23an eta 24an "Gipuzkoa klimaren alde" izenburupean egingo dituen jardunaldien bueltan mobilizatzera deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak, ""Foru Aldundiak erakusten duen muturreko hipokrisia" salatzeko. Aipatu fundazioa erraustegia zuritzeko sortu zutela salatu du mugimenduak ohar bidez. Zubietako erraustegia piztu ez eta agintariei klimaren alde benetako neurriak exijitzeko elkarretaratzea deitu dute asteazkenean (urriak 23) 18:30etan Donostiako Aquarium parean.

Mobilizazio honen harira, Zubietan eraiki duten erraustegia "negutegi efektua sortzen duten gas gehien isuriko duen enpresa" izan daitekeela gogorarazten dute. Piztear izan eta "urteko 200 000 tona CO2 baino gehiago eta ehunka mila kilo nitrogeno oxido atmosferara" isuriko dituen plantak planeta kaltetzeaz gain, "ezin dira ere albo batera utzi tximinia beretik aterako diren eta gizakion osasunari kalte egingo dioten dioxina, metal astunak, eta abar", Errausketaren Aurkako Mugimenduaren esanetan.

Naturklimaren jardunaldien enpresa ikuspegia ere salatu nahi dute, banku eta multinazionaletako ordezkariek parte hartuko baitute. "Larrialdi ekologiko larri honetara eraman gaituen kapitalismo basatiak krisia berarekin negozioa egiten jarraitu nahi du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin".

Testuinguru honetan, herritarrak mobilizatzera deitzen dituzte; "jabetu daitezen egoeraren larritasunaz eta denon artean agintariei eska diezaiegun benetako neurriak har ditzaten klimaren alde". Horretarako  lehenbizi, Zubietako erraustegia ez piztea eskatzen dute eta Donostian hondakinen bilketa sistema eraginkorra abiaraztea. 

Errausketaren aurkako mugimenduaren elkarretaratzea, asteazkenean (urriak 23) 18:30etan Donostiako Aquarium parean.

Informazio gehiago: erraustuez.org


ERRAUSKETAREN AURKAKO MUGIMENDUAREN OHARRA

Naturklima: klima ez da negozioa
Naturklimak, Foru Aldundiak erraustegia zuritzeko sortu duen fundazioak, urriaren 23an eta 24an jardunaldiak antolatu ditu “Gipuzkoa Klimaren Alde” izenburupean. Errausketaren Aurkako Mugimenduak Foru Aldundiak erakusten duen muturreko hipokrisia salatu nahi du, urteko 200 000 tona CO2 baino gehiago eta ehunka mila kilo nitrogeno oxido atmosferara isuriko duen erraustegia pizteko bezperetan, “klimaren alde” ari direla adierazten dutelako. Gipuzkoa mailan erraustegia negutegi efektua sortzen duten gas gehien isuriko duen enpresa izan daiteke, hau da, planetaren osasunari kalte handiena egin diezaiokeena. Ezin dira ere albo batera utzi tximinia beretik aterako diren eta gizakion osasunari kalte egingo dioten dioxina, metal astunak, etab.

Gainera, jardunaldien ikuspegia batez ere enpresariala da; bertan dira hizlari moduan banku eta multinazionaletako ordezkariak. Larrialdi ekologiko larri honetara eraman gaituen kapitalismo basatiak krisia berarekin negozioa egiten jarraitu nahi du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Garbi geratzen ari da urte askotan zehar kapitalismoaren interesak eta naturaren kontserbazioa kontrajarriak direla. Banku, multinazional eta egungo agintarien eskutan uzten badugu larrialdi ekologikoaren zuzenketa, orain arte bezala jarraituko dugu, egunetik egunera okerrago.

Beraz deia zabaldu nahi diegu herritarrei jabetu daitezen egoeraren larritasunaz eta denon artean agintariei eska diezaiegun benetako neurriak har ditzaten klimaren alde. Alternatiba ekologikoagoa badagoela kontuan izanik, lehenengoa Donostiako erraustegia ez piztea da, lehen aipatutako gasen isurketa ekidituz; eta honekin batera Gipuzkoan biztanleko zabor gehien sortzen duen herrian, Donostian alegia, bilketa sistema eraginkorra martxan jartzea, azken lau urteetan ez baita ezertxo ere egin bilketa hobetzeko.

Horregatik, kontzentrazioa deitzen dugu asteazkenean Aquarium aurrean, 18:30ean. Mobilizatuta jarrai dezagun. Ez dezagun onartu greenwashing edo zuriketa gehiagorik. ERRAUSKETA = KLIMA ALDAKETA