Zubieta, Endika Abril errebote lehiako txapeldun

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 28a, 08:42

13-8 irabazi zioten zubietarrek Hazparneko Noizbait taldeari, Villabonako plazan jokatu zen final handian. Zubietak lehia honetako bigarren txapela irabazi du, bigarrena iazkoaren segidan. Zorionak!

Zubieta eta Hazparne estreinakoz lehiatu ziren 56. Endika Abril Errebote Txapelketako final handi batean. "Zubietako Yoko Garbi taldeak bai jokatu zuen final bat Noizbait taldearen aurka, 1991-92 denboraldian; hazpandarrek irabazi zieten zubietarrei, 13-6", gogorarazi digu Gipuzkoako Pilota Federazioak. Oraingoan aldiz, zubietarrek aurre hartu zieten markagailuan igande goizean Villabonako plazan jokaturiko neurketan.

Zubietarentzat txapelketa honetako finalera heldu den zazpigarren aldia izan da. "Aurtengoarekin bosgarrena jarraian", Gipuzkoako Pilota Federazioaren esanetan. Iaz irabazi zuten estreinako aldiz eta beste bost alditan txapeldunordea izan da; federazioak oroitarazi duenez, "2010, 2013, 2015, 2016 eta 2017an". 

Noizbait taldeak 11 aldiz jokatuak ditu final handiak. Lautan irabazle eta beste zazpi aldiz txapeldunorde amaitu izan dute. 

Eguraldiagatik ohi baino aste batzuk beranduago amaitu da. Eguraldia tarteko lehen faseko zenbait neurketa iragarri baino beranduago jokatu beharrean aurkitu ziren. Eta finala bera ere bai. Urkia hasieran amaitu behar zuten txapelketa atzo (urriak 27) borobildu zuten Villabonako plazan. Gogoan izan zortzi talde lehiatu dira aurtengo edizioan.

56. ENDIKA ABRIL ERREBOTE TXAPELKETA
Faseak:
-Itzuli bakarreko ligaxka: azken asteotan jokatu da Oiartzun, Villabona eta Zubietako plazetan.
-Urriak 13 (igandea) finalerdiak Zubietako errebote plazan jokatu ziren. Hemen emaitzak: 
Noizbait (Hazparne) 13-12 Luzean (Donibane Lohitzune)
Zubieta 13- 1 Txost (Oiartzun)
-Finala: urriaren 20an goizeko 11:00etan Villabonako errebote plazan.
Parte hartzaileak: 
A multzoa: Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa), Behar Zana (Villabona, Gipuzkoa), Noizbait (Hazparne, Lapurdi), Zaharrer Segi (Baigorri, Nafarroa Beherea).
B multzoa: Luzean (Donibane Lohitzune, Lapurdi), Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Sarako Izarra (Sara, Lapurdi), Txost (Oiartzun, Gipuzkoa).

Informazio gehiago: gipuzkoapilota.eus