Donostiako Gladys-enea parkea hautatu dute aurkezpenerako. Larrea eta ekologiko hitzak biltzen dituen izenadun mahai berri bat aurkeztu dute, "bizi dugun krisi ekologikoarekin eta planetaren zein jendartearen etorkizunarekin kezkatuak gauden Gipuzkoako hainbat eragileek"; Larreko Mahaia. Zeregin nagusi bat izango du; ingurumen larrialdiari aurre egitea. Egoera honi "aterabide bat emateko asmoz gure indarrak batzea erabaki dugu" adierazi dute.
CCOO, LAB, STEILAS eta EHNE sindikatuek, ikasleen sindikatuak, Greenpeace eta Eguzki talde ekologistek, Ernai gazte erakundeak, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Extinction Rebellion-ek eta GuraSOS-ek bat egin dute baina "bidelagun berriei irekia" dago Larreko Mahaia. "Oso garbi daukagu: Gipuzkoan ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko dituen ereduaren aldaketarantz herritarrak aktibatu eta presioa eragiteko jaio gara", iragarri dute.
Elkarlanean jardungo dute energia, mugikortasuna, kontsumoa eta hondakinen kudeaketaren eremuetan finkatu dituzten helburu ezberdinen bueltan. Premiazkotzat jotzen dute ordea elkarlan hau zabaltzea. "Gipuzkoan premiazkoa da larrialdi ekologikoaren aurrean gizarte-mugimendua antolatu eta kolektiboan, elkarrekin indarrak batu, mobilizatu eta eragitea, erantzukizun nagusia duten instituzio eta enpresei interpelatuz berehalako trantsizio energetikoa, sozialki justua eta feminista exijitzeko", Larreko Mahaiko kideen esanetan.
Erlojuaren kontra lan egingo dute. "Ez daukagu galtzeko denborarik!", adierazi dute. Gaineratu dutenez, "Gutako bakoitzaren eta erakundeen benetako parte hartzea nahitaezkoa da; bai guretzat, gure seme-alabei, gure bilobei bizitzeko moduko planeta utzi nahi badiegu, alda dezagun egungo ikuspegi egoista larri gabiltza eta jada: garaia da ekoizteko, kontsumitzeko, bizitzeko eta ingurumenarekin eta pertsonekin harremantzeko bestelako eredu bat eraikitzeko. Gipuzkoan martxan gara!".
Larreko Mahaiak goizean Donostiako Gladys-enean egin duen aurkezpena albiste honi atxikitako bideoan duzue osorik.