Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideetako batek, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanoz mozorrotu eta erraustegia piztu du, jokaera honen aurkako oihu eta alarma hotsen artean. Suhiltzaile talde bat prest zen bertan sua itzaltzeko prest. Eta erraustegia piztu izanaren aurka protestatzeko buzo zurien taldea. Etengabekoak izan dira, Ahaldun Nagusiari Zubietako erraustegia, sua ez pizteko eginiko oihuak, eta oro har, klimaren, osasunaren aldeko eta errausketaren aurkakoak. Amaieran, suhiltzaileek piztutako sua itzali dute.
"Sua ez piztu" aldarripean, Zubietako erraustegia piztu litekeen unea irudikatu nahi izan du Errausketaren Aurkako Mugimenduak asteazken eguerdi honetan. Parodiarako ez dute edozein leku hautatu; gipuzkoarron etxe ataria. Donostiako Gipuzkoa plaza, Foru Aldundiaren egoitza ataria. Eraikinaren barruan zirenek, parodiako erraustegiaren kea leihoetan gora nola aireratzen zen ikusi ahal izan dute. Laster inguruotan bizi dezakegun errealitatearen salaketa, modu honetan, Zubietako azpiegitura hau eraiki eta sustatu dutenen egoitza atarira eraman nahi izan du Errausketaren Aurkako Mugimenduak.
Sei urte gaur, aurreko erraustegia geratu zutenetik
Egun sinboliko batean gainera. Hala egokitu da. Sei urte bete baitira asteazken honetan (azaroak 13), egungoa ez, aurrez Zubieta gainean proiektatua zegoen erraustegi gaindimentsionatua eraikitzeko lanak akordio bidez bertan behera utzi zituztenetik. Zubietako garai hartako erraustegia geratu zutenetik alegia.
2013ko azaroaren 13an izan zen. Foru Aldundian EHBildu agintean zela, urte luzez milaka gipuzkoarrek adierazitako borondateari erantzunez, azpiegitura honetako lanak geratzea erabaki zuten, enpresa eraikitzaileekin sinatu zuten akordioaren bidez. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria zen orduan, Ainhoa Intxaurrandieta eta foru ingurumen diputatua Iñaki Errazkin. Gogoan izango duzue, erraustegia geratzeagatik epaitu zituztela iaz, egungo legealdiko EAJ eta PSE-k agintariek salatu ostean. Haien poltsikotik 40 milioi eurotik gora ordaintzea eskatzen zieten Intxaurrandietari eta Errazkini. Madrilgo Kontu Auzitegiak ordea, bitan arrazoia eman zien EHBilduko ordezkariei, proiektatua zegoen erraustegia gaindimentsionatua zegoela aitortzearekin batera.