Bi labeak berotzen hasiak dira guztiz eraikia dagoen Zubietako erraustegian. Hondakinak erretzen hastear da Zubieta gaineko azpiegitura. Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur (azaroak 22) iragarri duenez, astebete barru, hilaren 28an proba moduan martxan jarriko dute erraustegia. 2020ko martxorako ehuneko ehunean funtzionatzea espero dute.
Gogoan izan, transformagailu nagusian ekainean izandako leherketak erraustegia energizatzea atzeratu zuen urrira arte. Berez, udazken honetan probaldi fasean eta abendurako martxan behar zuen Zubieta gaineko azpiegiturak Aldundiaren aurreikuspenen arabera. Baina bistan denez, erraustegia pizteko unea atzeratu egin da azkenean, nahiz, orain bai, horretarako unea heldu den.
TMB-a martxan
Azken egunotan etenik gabe kea darie Zubieta gaineko lurrei. Errausketaren zero guneko Tratamendu Mekaniko Biologikorako planta-aurreko igandea barne- martxa betean da. Usurbil aldetik begi bistakoa da azken egunotan errausketaren zero guneari darion kea.
Bizkaiarekin hitzarmen luzaketa
Erraustegia martxan jarri artean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak herrialde honetako hondakinak tratatzeko Bizkaiarekin duen hitzarmena luzatzea erabaki zuen urrian aipatu erakundeko asanbladak. Modu honetan, Zubietako azpiegiturek probaldi fasea igaro eta martxan jarri arte, Gipuzkoak hondakinen ehuneko ehuna tratatua izango duela bermatu nahi dute.
Asensio GHK-ren lehendakari berriz
Udal eta foru hauteskundeen ondotik, erakunde eta karguak berritzeko garaia da. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak azaroaren 14an eginiko asanbladan Batzar Nagusi berria eratu eta batzarkideen %72aren babesarekin Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatua izendatu zuten erakundeko lehendakaria. Bigarren legealdia du kargu honetan. Debabarrenako Mankomunitateko presidente Josu Arraiz izendatu zuten presidenteorde. Kontsortzioaren erronka nagusia Asensioren esanetan, Zubietako erraustegia eta gainerako azpiegiturak "behin betiko martxan jartzea da, eta hondakin bilketako zerbitzu publikoa normaltzea, Europako herrialde aurreratuenen estandarrekin".