Zubieta gaina joan den igandean (azaroak 24); irudiotan ikus dezakezuen moduan, kea dariola zegoen errausketaren zero gunea. Duela aste batzuetatik etengabe zerion kea Tratamendu Mekaniko Biologikoko (TMB) plantari. Iragan ostiralean Foru Aldundiko ordezkariek hedabideekin erraustegian barrena eginiko bisita gidatuan, hondakinak ostegun honetan (hilak 28) hasiko zirela erretzen iragarri zuten; erraustegia probaldi fasean martxan jarriko zutela. Labeak ere egun berean piztu omen zituzten.
Eta larunbatean, TMB plantako ke zutabeari beste bi batu zitzaizkion. Ostegunean probaldi fasean sartuko dutela iragarri arren, jada joan den larunbaterako kea zerien erraustegiko tximiniei. Errausketaren zero gunera igo ginen igande goizean eta hala zela egiaztatu ahal izan genuen, irudiokin.
Aurreikuspenak betetzen badira, erraustegia azaroaren 28an probaldi fasean martxan jarri eta martxorako ehuneko ehunean funtzionamenduan izatea espero du Foru Aldundiak.