Ke zutabe handia, gaur probaldi fasean jartzekoa zuten erraustegitik

Eguerdi partean ke zutabe handia ikusi da Zubietako errausketaren zero gunetik. Gogoan izan, erraustegia ostegun honetan jartzekoa zuten martxan probaldi fasean. Martxorako ehuneko ehunean funtzionamenduan izatea espero du Foru Aldundiak.


Goizeko lehen ordurako kea zerion berriz Zubieta gaineko errausketaren zero guneari. Asteburuko ke zutabeen ostean, etenaldia izan da egunotan eta gaur berriz ere kea zerion Zubieta gainari. Eguerdian ke zutabe handia ikusi da, arratsalde parterako desagertu dena. Arratsaldeko 16:30ak aldera, TMB plantako tximiniatik baino ez zen ikustea kea.

Gaurkoa (azaroak 28) ez da edozein egun; gaurtik aurrera, erraustegia probaldi fasean martxan izango dutela iragarri zuen joan den astean Foru Aldundiko ordezkariek hedabideekin batera aipatu azpiegiturara eginiko bisita gidatuan. Martxorako ehuneko ehunean funtzionatzea espero dute.

Zubieta gaina joan den igandean (azaroak 24); irudiotan ikus dezakezuen moduan, kea dariola zegoen errausketaren zero gunea. Duela aste batzuetatik etengabe zerion kea Tratamendu Mekaniko Biologikoko (TMB) plantari. Iragan ostiralean Foru Aldundiko ordezkariek hedabideekin erraustegian barrena eginiko bisita gidatuan, hondakinak ostegun honetan (hilak 28) hasiko zirela erretzen iragarri zuten; erraustegia probaldi fasean martxan jarriko zutela. Labeak ere egun berean piztu omen zituzten. 

Eta larunbatean, TMB plantako ke zutabeari beste bi batu zitzaizkion. Ostegunean probaldi fasean sartuko dutela iragarri arren, jada joan den larunbaterako kea zerien erraustegiko tximiniei. Errausketaren zero gunera igo ginen igande goizean eta hala zela egiaztatu ahal izan genuen, irudiokin.


AZAROAREN 24KO IRUDI BILDUMA: