"Hitzarmenaren xedea da antolatzea eta artikulatzea Usurbilgo eta Donostiako udalek beren eskumeneko obrak edo zerbitzuak Zubietako lurraldean egikaritzeko modua, kudeaketa publikoa eraginkorragoa izan dadin eta bikoiztasun administratiboak saihestu daitezen". Hitzarmen hau otsailean onartu zuen udalbatzak, udaberrian sinatu zuten Donostia zein Usuribilgo udalek eta Zubietako Herri Batzarrak eta zubietarrei aurkeztu ostean, urriaren 21ean jarri zuten indarrean.
Besteak beste gogoan izan, hondakinen kudeaketa Usurbilgo Udalaren esku geratu da. Beirarena ezik, edukiontziak kendu dituzte Zubietako Kaxkoan eta haren ordez bi Garbitxiki dituzte. Honez gain, zubietarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak zein udalek eskaini antolatzen duen hitzarmenaren harira sortutako jarraipen eta kontrol batzorderako bina ordezkari izendatu behar ditu erakunde bakoitzak. Usurbilgo bi udal ordezkariak Lur Etxeberria eta Itziar Basterrika izendatzea onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz azaroaren 28an egin zuten osoko bilkuran EHBilduren eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen.
Aldaketa San Marko Mankomunitateko udal ordezkaritzan
Azken udal hauteskundeen ondotik udalbatza osatu berriak egin zuen lehen osoko bilkuran Udalak beste erakundeetan izango zuen ordezkaritza erabaki zuen. Tartean San Marko Mankomunitatekoa. Agurtzane Solaberrieta alkatea hautatu zuten ordezkaria eta Joxe Mari Iribar zinegotzia bere ordezkoa. Ordezkaritza hau aldatzea erabaki zuen udalbatzak azaroaren 28an egin zuen osoko bilkuran EHBilduren eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen. Hondakinen kudeaketa udal zerbitzuen eta ingurumen sailetik kudeatzen dela aintzakotzat hartuta, San Marko Mankomunitatean Udalak izango duen ordezkaria Lur Etxeberria zinegotzia eta Agurtzane Solaberrieta ordezkoa izatea erabaki zuten.