"Lortu dugu biltzea erraustegiaren kutsaduren kontrol independentea martxan jartzeko behar zen dirua", berri eman du Zubieta Lantzen elkarteak. "Crowfunding" kanpainaren bidez, nahiz bestelako bideetatik guztira 26.384 euro bildu dituzte. Hasieran finkatu zuten 13.000 euro biltzeko erronka bikoiztera heldu dira, herritar, eragile nahiz erakundeen laguntzaz. "Gure esker ona zuei, zuen diru-laguntzarekin bilketan parte hartu duzuen herritarroi, baita beren laguntza eman duten udal, alderdi, sindikatu eta beste elkarteei".
Jasotako dirua, "fase honetako gastuak ordaintzeko erabiliko da, eta gelditzen dena hurrengo faseetarako gordeko da. Izan ere gogoan hartu behar da diru-bilketa hau kontrolaren abiapuntua besterik ez dela izan". "Zero puntua" markatu dute udazkenean zehar, oilategietan bildu dituzten laginekin. Gogoan izan baita, Usurbil, Lasarte eta Andoaingo 30 emakumek bularreko esnea eman dutela baita ikertua izateko. "Orain, jasotako informazioarekin, "zero puntua" markatuko dute ikerlariek, eta etorkizuneko kontrolekin jakingo dugu egoeraren bilakaera zernolakoa den".
Ostiraleko manifestazioari atxikimendua
Zubieta Lantzen elkarteak bat egin du ostiral arratsalderako (abenduak 13) 19:00etan udaletxeko plazatik abiatuta "SOS Usurbil, erraustegia gelditu" aldarripean Usurbilgo Udalak antolatu duen manifestazioarekin. Erraustegia probaldi fasean sartu berritan egingo da Gipuzkoa osoa parte hartzera deitu den mobilizazioa. Zubieta Lantzenek gogorarazi duenez, Gipuzkoako agintariek eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) " ez dituzte kontuan artu herritarrek behin eta berriro adierazitako nahiak, ez dute kontuan hartu badagoela alternatiba, badagoela errausketa gabe hondakinak ongi kudeatzea, Europan eta munduan leku askotan erakusten duten bezala eta Gipuzkoan bertan udalerri askotan egunero erakusten dugun bezala".
Erraustegiaren kalteez ohartarazten dute, gure osasun, ekonomia eta ingurumenarentzat. Horregatik deitzen dituzte herritarrak, "etorriko diren deialdi eta ekimen berrietan parte hartzera". Lehen hitzordua, ostiralean 19:00etan Usurbilgo udaletxe atarian.