Tratamendu Mekaniko Biologikoko plantako tximiniaz gain, Zubietako erraustegitik beste bi ke zutabe ikus daitezke azken orduotan. Eta entzun ere entzun daiteke errauskailua probaldi fasean dutela, nahiz ez den zarata handia.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak iragan astean ohartarazitarakoari kasu egiten badiogu, ur lurrun zirkuitua probatzen egon behar lukete egunotan, zirkuitu hau garbitu eta martxan jartzeko prest uzteko. Honenbestez, azken orduotan ikusten ari garenak ur-lurruna izan behar luke, zirkuitua turbinara ez delako lotua egongo probaldi fase honetan. Zirkuitu honen zeregina honakoa da Kontsortzioaren esanetan; hondakinak erretzeak sortutako berotasuna baliatu, ura ur-lurrunean bilakatu, sorgailuaren turbina mugiarazi eta argindarra sortzea.
Zarata gehien, 11:00-13:00 artean
Martxan jarri aurretik hain zuzen, putz egin behar omen da zirkuitu honetan eta horrek inguruan entzun ahalko den zarata eragingo du. 100 dezibeletara heldu daitekeen zarata. 7:00-16:00 artean egitekoak dituzte probak, baina zarata gehien (100 dezibeletara heldu daiteke soinua) 11:00-13:00 aldera entzungo omen da.
Azaroaren 28az geroztik probaldi fasean egon eta jada 9 tona hondakin erre dituen erraustegia otsaila edo martxorako ehuneko ehunean prest egotea aurreikusten du Foru Aldundiak.
Ez ahaztu, udalbatzaren azken osoko bilkuran onartutako mozioaren harira, xingola beltz handi bat zintzilikatu du Udalak udaletxeko balkoian eta manifestazioa deitu du abenduaren 13rako 19:00etan udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazatik. Herritarrak mobilizazioan parte hartzera deitzen ditu Udalak, etxeko balkoi eta leihoetan xingola beltzak zintzilikatzera gonbidatzearekin batera.
UR LURRUN-ZIRKUITUKO PROBALDIA
Ordutegia: 7:00-16:00 (zarata maila handiena, 11:00-13:00 artean).
DATOZEN DEIALDIAK
Usurbilgo Udalak deituta:
-Erraustegiaren aurkako xingola beltzak jartzeko deialdia etxeko leiho eta balkoietan.
-Erraustegiaren aurkako manifestazioa abenduaren 13an 19:00etan udaletxetik.