Gogoan izango duzue, 2013ko azaroan erraustegiko lanak geratzeagatik garai hartako Foru Aldundiko gobernuan ziren EHBilduko ordezkari Ainhoa Intxaurrandieta (orduko GHK-ren lehendakaria) eta Iñaki Errazkin (ingurume diputatua) salatu zituen EAJ eta PSE buru dituen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak. Urte luzez milaka gipuzkoarren borondateari bide emanez, erraustegia geratzeagatik 40 milioi eurotik gora ordaintzea eskatzen zitzaien Errazkini eta Intxaurrandietari. Iaz Madrilgo Kontu Auzitegian epaitu zituzten eta epaitegia EHBilduko ordezkarien alde agertu zen, salatzaileen aurka. Erraustegia geratzea ez zela delitua izan erabaki zuen, garai hartan eraikitzea aurreikusten zen erraustegi gaindimentsionatua zegoela aitortzearekin batera.
Epai hari helegitea aurkeztu zioten EAJ eta PSE buru dituen GHK-k, baina bigarrenez arrazoia eman zieten Intxaurrandietari eta Errazkini. Aste hasiera honetan, berriz ere EHBilduko ordezkarien aurka jotzea erabaki du Kontsortzioak. Oraingo honetan, "ondare erantzukizun zuzeneko espediente bati hasiera ematea onartu da, 2013ko azaroaren 25ean Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Zentroaren aurreko proiektuaren eraikuntza geldiarazteko ebazpena berresten zuen erabakia onetsi eta aldeko botoa eman zuten agintarien aurka".
GHK-tik aditzera eman dutenez, "uztaileko batzarrean jada eskatu zen txosten juridiko bat, zeinak zehaztuko baitzituen, besteak beste, erabaki hori hartu zuten Batzarreko kideengan erantzukizun-zantzurik ba ote zegoen, erantzukizuna eskatzeko izapidetu beharreko prozedura eta balizko kalteen identifikazio eta kuantifikazioa. Gaurko batzarrean onetsi den ebazpenak erantzukizun zuzeneko espedientea abiarazten du, eragindako kalte-galerengatiko balizko erantzukizunak eskatzeko, eta hitzarmen bat onartzen du, zeinaren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen baitzaio laguntza teknikoa eman dezala espediente horren instrukzioa egiteko".