"Espainiako txapelketa daukat orain buruan, martxoan ospatuko dena"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 17a, 17:11

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Kirolgalako irabazleak aurkeztu berri dituzte, eta ez da usurbildarrik izan tarteko. Hautagaien artean ordea, Nahia Zudaire zubietarra zegoen, besteak beste. 16 urteko igerilari gaztea da zubietarra, eta kirol egokituan dihardu txikitatik. Haren ibilbidea ezagutu nahi izan du NOAUA!k.

NOAUA!: Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019an antolatutako Kirolgalan hautagaien artean izan zaitugu nahiz eta ezin izan duzun irabazi. Nola hartu zenuen hautagaien artean egotea?

Nahia Zudaire: Oso pozik hartu nuen berria. Uste dut lehen aldia izan dela Kirolgala batean elbarritasuna duten pertsonak eta ez dutenak barnebiltzen dituztela. Aitorpen bat izan da ez soilik kirolari gisa, baizik eta kirolari egokitu moduan. Bideak irekitzen ari direla esan nahi du horrek, eta pozgarria da.

 

Zure lana ezagutaraztera emateko aukera izan da, ezta?

Eliteko kirolari ezagunen artean egonda gustora sentitu naiz, kirolari egokituen artean ezagutarazteaz gain, kirolari modura ezagutuko naute horrela. Hala izan behar luke beti. Irakasleek eta eskolako lagunek ere ikusi nautela esan didate eta nire aldeko bozka eman dutela ere bai. Zentzu horretan desberdintasunak ikusi ditut; hobekuntzak.

 

Ez dira gutxi azken aldian lortu dituzun garaipenak. Espainiako selekzioarekin ere bazabiltza, Tokio duzu helmuga?

Markak urria amaieran jarri zituzten, eta nahiko zailak direla ikusi dut. Garaiz hasi behar da txapelketetan maila ematen. Joan den urtean, adibidez, ekaina amaieran hasi behar nuen txapelketak irabazi eta maila ematen, aurten, berriz, martxoan hasi beharko dut maila defendatzen. Aurten munduko txapelketan konturatu naiz dena ez dela txapelketa, ibilbideaz disfrutatu behar dudala. Saiatuko naiz Tokiora joaten izugarrizko esperientzia delako, baina batez ere bitarteko bidea disfrutatzen saiatuko naiz. Behin momentua iritsita prest ikusten banaiz aurrera egingo dut, baina ikusten badut presioa gehiegizkoa dela eta ez naizela maila emateko gai izango ez dut aurrera egingo. Gogoa daukat parte hartzeko, baina pixkanaka egin behar dut. Marka batzuk asko jaitsi beharra daukat, baina gogo handiekin hartzen ditut entrenamentuak eta gustora nabil. Gai ikusten naiz maila ematera iristeko.

 

Asko entrenatzen duzu maila horretan mantentzeko, baina elikadura eta psikologia ikuspuntua ere garrantzitsuak izango dira, ezta?

Denetariko entrenamentuak egiten ari naiz orain, proba luzeak eta laburrak egiten. Astean sei egunetan entrenatzen dut, bakoitzeko bi ordu. Udan munduko txapelketa prestatzeko goizez eta arratsaldez entrenatzen nuen, baina orain lasaiago nabil denboraldi aurre honetan. Maiatzean izango da Europako txapelketa eta ordurako gogorrago hasi beharko dut entrenatzen. Joan den urtearekin konparatuta lehenago hasi beharra daukat gogor. Ikuspegi psikologikoa landu beharko nuke, kirola fisikoki gogorra da, baina alde psikologikotik gogorragoa agian. Aurten munduko txapelketa amaitu eta berehala hasi behar izan dut eskolan, eta gogorra izan da deskantsatzeko denborarik ez izatea. Badaude momentu batzuk laguntza behar izaten duguna. Nik lagun eta familiaren aldetik laguntza eta babes handia izan ditut beti, eta alde horretatik oso pozik nago. Dieta eta jateko ohituren aldetik ez dut inolako dieta berezirik jarraitzen. Nik uste ez nintzatekeela gai izango dieta bat jarraitzeko, eta oraindik ez daukat adinik horrelako presioetan sartzeko. Nik uste orain dietekin hasiko banintz, aukera handiak izango nituzkeela muturrerako joera hartu eta benetako arazo batean erortzeko. Beraz, momentuz denetik janda ongi joan zait eta halaxe jarraituko dut.

 

Lasarten entrenatzen duzu egun. Betidanik hala egin duzu?

Duela bi urte arte kirol egokituko talde batean ibiltzen nintzen baita ere, baina orain Buruntzaldean bakarrik nabil. Anoetan ere entrenatzen dut batzuetan, igerileku luzean.

 

Igeriketa egokituan ibiltzen zara. Nola funtzionatzen dute txapelketek kirol egokituan?

Espainian kirol egokituan klaseak daude, hau da, elbarritasun mailaren arabera klase bat bakoitzak klase bat dauka. Espainian klase bakoitzeko ez daude igerilari gehiegi, orduan, klase bakoitzak munduko marka bat dauka eta hura apurtzen saiatu behar du. Horren arabera puntuak ematen dituzte. Puntuazio parekide bat da nolabait. Ni baino klase altuagoa duen pertsona batek uretan irabaz nazake, baina nik puntu gehiago eskura ditzaket nire markaren araberako puntuengatik. Interesgarria da horrelako txapelketak izatea denetariko pertsonekin igeri egiteko aukera ematen didalako. Europa eta munduko txapelketetan, berriz, klase bakoitzak bere txapelketa propioa dauka.

 

Epe motzean zein erronka dituzu?

Espainiako txapelketa daukat orain buruan, martxoan ospatuko dena. Helburu gisa hori jarri dut. Europako txapelketa jarriko banu, oso urruti dago eta lasaitu egin nahiteke. Orduan, bidea pixkanaka egiten joateko gertuagoko helburuak jarri beharra daukat. Entrenamentuetan zerbait izan behar dut buruan nolabait. Disfrutatzeko asmo horrekin jarraitzeko aukera ematen didate horrelako txapelketek, presiorik gabe.

 

Zein litzateke zure ametsik handiena?

Duela gutxi arte Joko Olinpiko batzuk zirela esango nuke, baina orain ez dakit benetan hori den nahi dudana. Prozesua nolakoa den ikusi dut orain, eta zer nolako lana egin behar den hara iristeko. Ez dakit zein puntutaraino daukadan gaitasuna eskakizun horietara heltzeko. Igeriketaz disfrutatu nahi dut orain, joan den urtean jendeaz disfrutatu nuen, baina ez igeriketaz.