Zubietako herriak pilotako lau t´erdiko txapeldun Miriam Arrillaga Beloki zoriondu eta omendu du

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 22a, 21:03

Omenduak eskerrak ematearekin batera, emakume pilotariak goraipatu ditu, igande eguerdian Zubietako errebote plazan egin zaion omenaldian.

Txalo eta txistulari artean hartu dute Zubietako errebote plazan, bidean garaipenaren txapela jantzi duen Miriam Arrillaga Beloki pilotaria. Zubietako herriak merezitako omenaldia eskaini dio, abenduaren 15ean Emakume Master Cup-eko 4 t´erdiko txapelketako garaileari. Herritarrekin batera, besteak beste, Zubietako Herri Batzarrak eta Zubietako Zortzitan Bertso Eskolako kideek parte hartu dute.

Zubietako alkate Haritz Arrizabalagak ekitaldi honen bidez, Miriam zoriontzearekin batera, bere irudia eta "2019ko 4 t´erdiko txapeldunari bihotzez" idatzia zuen oroigarria eman dio. Aurreskua dantzatuz hasi dute ekitaldia eta bertso eskolako kideek bertsoak abestuz omendu dute Miriam.

"Gora emakume pilotariak!"
Omendua esker oneko agertu zaio Zubietako herriari. "Eskerrik asko. Lehen omenaldia zuek egin didazue eta asko eskertzen dut". Kostata eta elkarlanean irabazitako txapela izan dela nabarmendu du Arrillaga Belokik. "Asko kosta zaigu txapela hau ekartzea. Baina denon artean, familia, lagunak eta ingurukoen artean txapela hau ekartzea lortu dugu". Azken hitzak emakume pilotariei gorazarre egiteko baliatu nahi izan ditu. "Segi dezagun halako omenaldiak egiten, txapelak ekartzen. Gora pilota eta gora emakume pilotariak!".


ZORTZITAN ZUBIETAKO BERTSO ESKOLAKO KIDEEN BERTSOAK
Nonbait irakurri degu
Miriam agiñarra dela
Inork dudarik ez izan
Zubietarra du labela
Jai Batzordean lanean
Eskuz ta palaz bezela
Lotsati xamar itxuraz
Ez da batere motela
Final batzuek galduta
Tristuraz bete aldagela
Entrenamendun gogotsu
Zein pilotari nobela
Ta merezimendu osoz
Buruan du gaur txapela

Barakaldoko finalera
Etzan erraza iristea
Faborita izanda ere
Txapela etzun merkea
Sanba aita botillero
Motibatuaz topea
Takoak neurriz jarrita
Freskoa behar kolpea
Lau t´erdiko kaiolan
Urduritasun nekea
Korrikaldi txiki batez
Laua ingurun botea
Hogeitabigarrenakin
iritsi zaizu ospea

Galtza txuriak jantzita 
Bugatti du iztarrean
Gerriko urdinarekin
Baita gorria noizean
Festetan palaz jokatzen
Bote luzean bestean
Noiz ikusiko ote degu
Sakatzen errebotean
Zazpi tanto saketikan
Egin zitun finalean
Gaur pilota jarriko deu
Luntxaren ondorenean
Boluntariorik ba ote da
Bueltatzeko ahaleginean

Zortzitan Zubietako Bertso Eskola